Bortzirietako ahozko ondarea biltzeko helburuarekin, mankomunitateak bi proiektu mamitsu burutu zituen 2000. urteko lehen hamarkadan. Eskualdeko adineko herritarren testigantzak bildu zituen, gai zehatz batzuen inguruan: garai bateko ohiturak, bizimodua, kultur adierazpenak… Hemendik aitzinera herritarrei egindako grabazio horiek denak ikusgai daude mankomunitatearen webgunean.
Lehenik bildu
Bi fasetan burutu zuen mankomunitateak ondarearen bilketa. Lehenik, beka deialdi baten bidez, eskualdeko adineko hainbat herritarren testigantzak jaso zituen, audio bidez, garai bateko ohiturak, bizimodua, kultur adierazpenak… biltzeko helburuarekin. Maite Lakar eta Nora Iriarte bekadunek egin zuten lan hori. Bigarren proiektuaren bidez, eta Euskokultur Fundazioarekin elkarlanean, grabazio gehiago egin ziren 2006 eta 2008 bitartean, gai bertsuen inguruan, baina bideo bidez.
Mankomunitatea jabetzen zen belaunaldiz belaunaldi transmititutako ahozko ondarea, hizkuntza eta jakintza galtzen ari zirela, eta hori guzia biltzea komeni zela. Eta helburu horrekin jarri zituen bi proiektu horiek abian.
Ondotik bildutakoa gizarteratu
Halere, lanaren helburua bikoitza zen: biltzea ez ezik, gero berriz gizarteratzea, eta herritarrei ondare horren berri ematea. Hortaz, bildutako material horrekin zenbait argitalpen plazaratu zituen hurrengo urteetan:
- Uraren magaletik euskararen bidean ikus-entzunezkoa (2014)
- Xaldun Kortin. Jolastu gurekin! argitalpen multimedia (2014)
- Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma argitalpen multimedia (2019)
Prozesua burutzeko, 2021ean sinatutako hitzarmenaren bitartez, mankomunitateak Badihardugu Euskara Elkarteari laga zion bi bilketa lan horietan jasotako ahozko ondare ez-material guzia, elkarte horrek ahotsak.eus webgunean argitara zitzan Bortzirietan jasotako testigantza eta elkarrizketa guziak. Lan hori eginik, testigantza horiek ikusgai jarri zituzten ahotsak.eus webgunean, Euskal Herriko bertze herri eta eskualdeetan jasotako testigantzekin batera. Orain mankomunitatearen webgunean bertan ere informazio guzia eskura daiteke. Herriz herri egin daitezke kontsultak, eta behin herria hautaturik, nahi den lekukoaren grabazioa osorik aditzen edo ikusten ahal da. Altxor ederrak aditzeko aukera!
