Azken hilabeteotan Baztan-Bidasoko zaharren egoitzetako arduradunak, Baztan, Bera eta Lesakako alkate zein hautetsiak, Baztan eta Bortzirietako euskara teknikariak, eta Euskarabideko arduradunak zenbait bilera egin dituzte egoitzetako langileak euskalduntzeko egin beharreko urratsei buruz. Izan ere, egoiliar eta senitartekoei euskarazko arta ezin zaie gaur gaur-gaurkoz bermatu, langile aunitzek ez dakitelako euskaraz. Langile horiek euskalduntzeko aukerak aztertu dituzte eta hartu eman horiek eman dituzte emaitzak: 2026an Baztan-Bidasoko egoitzek eta Euskarabideak hitzarmenak sinatuko dituzte langileak euskalduntzeko eta horretarako baliabideak paratuko dituzte. Tokiko entitateekin eta euskara zerbitzuekin elkarlanean abiatuko dute plana, izan ere, zenbait urtetako ekimena aurreikusten baita.
Datu bilketa
2025eko urte hasieran euskara teknikariek datu bilketa egin zuten Baztan-Bidasoko zaharren egoitzetako hizkuntza egoerari buruz. Egoitzetan baziren 155 langile eta horietatik 66k ez zekiten euskaraz (% 43,6). Egoitzetako langileen artean 10etik 9 emakumezkoak ziren, beraz, sektore erabat feminizatua da, eta langileen jatorriari dagokionez, 13 herrialde edo jatorri ezberdin identifikatu ziren euskaraz ez zekiten langileen artean.
Aurrekariak
2024an Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatuta oinarrizko euskara ikastaroa egin zuten Lesakako Andra Mari zaharren egoitzan, eta Lesakako zein Berako egoitzetako langileek parte hartu zuten; 17 langilek egin zuten 30 orduko oinarrizko euskara ikastaroa. Baikorki baloratu zen ikastaroa, baina langileen euskalduntzerako ikastaro eta baliabide gehiago behar zela agerian gelditu zen.
Hitzarmenak
Euskarazko zerbitzua bermatzeko ezinbertzekoa da egoitzetako langileen euskalduntzea, eta horrek eskatzen zuen epe luzerako esku hartzea eta baliabideak mahai gainean paratzea. Hartara, 2024 urte akabailan biltzen hasi ziren Baztan-Bidasoko eragileak: zaharren egoitzetako zuzendariak, alkate zein hautetsiak, euskara teknikariak eta langileen ordezkariak. Orduan bi erabaki hartu zituzten: batetik gaia eskualde mailan lantzea eta bertzetik Euskarabideari elkarlan eskaera egitea. 2025ean bi bilera izan ziren Euskarabideko ordezkariekin, 2025eko martxoan eta azaroan, eta honako konpromisoa lortu zen: 2026an hiru egoitzek Euskarabidearekin hitzarmenak egitea langileen euskalduntzea helburu. Gaia parlamentuan landu zen 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu zutenean, eta emendakin bidez, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa talde parlamentarien ekimenez, Nafarroako Gobernuaren 2026ko aurrekontuan 3 partida onartu ziren Baztango, Berako eta Lesakako zaharren egoitzekin hitzarmenak egiteko, bakoitza 4.000 €koa.
Hurrengo urratsak
Epe motzean hitzarmen horiek prestatu eta sinatuko dituzte, euskara plan baten baitan egoitzetako langileen euskalduntzerako urratsak egiten hasteko. Izan ere, erronka da langile horiek ahal den neurrian euskara euren lan ordutegian ikasi ahal izatea, eta erdi edo guztiz liberatzea horretarako. Horrek erran nahi du lan orduetan euskara ikasten ematen dituzten ordu horiek ordezkatu beharko direla. Asmoa da egitasmo honek zerbait urterako iraupena izatea eta Euskarabidearen eta zaharren egoitzen arteko hitzarmenek segida izatea.
