Familiak D eredura animatzeko kanpaina

Martxoaren 9tik 13ra bitarteko epea izanen dute aurten familiek seme-alabak lehen aldiz eskolaratzeko matrikula egiteko. Horren harira kanpainatxoa egin dute Berako Udalak eta Bortzirietako Euskara Zerbitzuak, eta eskutitza bidali diete 2023an jaiotako haurrak dituzten familiei, seme-alabak D ereduan matrikula ditzaten animatuz. Eskutitzean azpimarratzen zaie D eredua dela azken hamarkadotan Bortzirietako gurasoen gehiengoak (% 90etik goiti) hautatu dutena.

Horrez gain, aipatzen zaie gurasoek edo gurasoetako batek euskaraz ez jakinda ere, haurrarentzat D eredua dela egokiena, etxean nekez ikasiko duen hizkuntza eskolaren bidez ikasi ahal izanen duelakoz. Gainera, gure inguruan euskarak presentzia du haurren harremanetan, aisialdian nahiz eskolaz kanpoko jardueretan, eta, aukerak baliatuz gero, euskara erabiltzeko eta indartzeko bidea irekiko zaie.

Bereziki erreparatu zaie gure eskualdera kanpotik etorritako familiei, gero eta ugariagoak baitira. Hori dela eta, eskutitzarekin batera D ereduaren inguruan gurasoek maiz egiten dituzten galderei erantzuna ematen zaie, honako hizkuntza hauetan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, portugesez, ingelesez, errumanieraz, bulgarieraz eta arabieraz. Mezu hori eskutitzean emateaz gainera, herrian barrena paratu diren karteletan ere azaltzen da.

Bortzirietako gainerako ikastetxeek ere material hori eskura izanen dute. Guziek D eredua bakarrik eskainita ere, jatorri anitzeko familiak hurbiltzen bazaizkie, informazio egokia eskura eman ahalko diete.

D eredua-argudioak. Kartela Bortziriak