Aniztasun taldearen adierazpena arrazakeriaren kontra eta jardunaldiaren aurkezpena

Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldeak, bere azkeneko bileran, martxoaren 21eko Arrazakeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira adierazpena egitea erabaki du. Horrez gain, maiatzaren 31n Lesakan eginen den aniztasun jardunaldiaren ospakizuna iragarri du. Hartara, taldetik Bortzirietako herritarrak zein eragileak gonbidatu nahi dituzte aniztasun taldean eta antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera. 

Arraza diskriminazioa ezabatzeko nazioarteko eguna

Joan den martxoaren 21ean Arraza Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izan zen, eta horren harira, Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldeak gizarte justu, inklusibo eta diskriminaziorik gabekoa eraikitzeko konpromisoa berretsi nahi du.

Arrazakeria ez da gertaera isolatu bat, baizik eta elkarbizitzari eragiten dion, eskubideak mugatzen dituen eta desberdintasunak sortzen dituen egiturazko errealitate bat. Horren aitzinean, erakunde publikoen ardura da erabakitasunez jokatzea, ez da bakarrik jarrera kontua, hortik harago doa.

Talde honetatik ekarpena egin nahi dugu harrera duina bermatzeko, aukera berdintasuna sustatzeko eta hizkuntza eta kultura aniztasuna aitortzeko. Aniztasuna gure komunitatea aberasten duen balio gisa ulertzen dugu.

Bide horretan, Bortzirietako tokiko entitate eta eragileei dei egin nahi diegu konpromisoa har dezaten bizikidetza bultzatzeko, aurreiritziak zalantzan paratzeko eta elkarrekiko errespetua sustatzeko politika eta ekintzekin. Pertsona guziek gizarte bizitzan parte hartzeko baldintza errealak sorrarazi behar ditugu, abiapuntu desberdinak daudela kontuan hartuta eta euskara topagunerako tresna gisa sustatuta.

Era berean, herritar guztien inplikazioa ezinbestekotzat jotzen dugu. Izan ere, arraza bereizkeriaren aurkako borroka zeregin kolektiboa da, konpromisoa, hausnarketa eta eguneroko ekintza eskatzen dituena.

Horregatik guziagatik, dei egiten dugu zenbait jarrera eta praktika zalantzan jarri eta berrikusteko, baita arrazakeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko ardura kolektiboki hartzeko ere.

Bortzirietako aniztasun eguna maiatzaren 31n ospatuko da Lesakan

Hirugarren urtez, abian da Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun taldea, Bortzirietako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuaren ekimenez sortu zena. Aniztasun taldea irekia dago parte hartu nahi duten herritar eta eragile ororentzat. Saiakera izan da hasieratik jatorriz eta ibilbidez anitza den talde osatzea, eta migratzaileek ahotsa izatea eta euren parte hartzea sustatzea. Honako hauek dira taldearen helburuak: etorri berriei harrera egitea, herritarren elkar ezagutza eta sentsibilizazioa, hizkuntza eta kultura aniztasuna aitortzea, euskara migratzaileei hurbiltzea, eta aurreiritzi, diskriminazio eta arrazakeriaren kontra borrokatzea.

Maiatzaren 21ean Nazioarteko Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna izanen da, eta hori dela eta aniztasun taldeak jardunaldiak eta aniztasun eguna antolatuko ditu, Lesakan, maiatzaren 31n, igandearekin, goiz-eguerdi partean. Tailerrak, jolasak eta janaria izanen dira eta laster batean hasiko dira jardunaldian parte hartzeko gonbidapenak helarazten herritar zein eragileei.