Literatura-geraldiak Arantza, Bera eta Lesakan

Aurten ere Literatura-geraldiak izanen dira apirilean Bortzirietako Euskara Zerbitzuaren eskutik. Hain zuzen ere hiru solasaldi izanen dira eskualdean, apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Egunaren bueltan.

Apirilaren 22an, asteazkenarekin, hasiko da zikloa, Arantzan. Itxaso Martin idazlearekin izanen da solasaldia, Puntobobo liburuari buruz. Solasaldia liburutegian izanen da, 18:00etan. Egun berean eta ordu berean, baina Lesakako liburutegian, Danele Sarriugarte idazlea bere beste zerbait liburuaz arituko da.

Beran izanen da azkeneko solasaldia, Maddi Ane Txoperenaren eskutik, apirilaren 23an,  18:00etan, liburutegian. Txoperena argitaratu duen azken eleberriaz, Zaldi bat, arituko da.

Euskara zerbitzuak hiru herri horietako irakurle taldeekin eta liburutegietako arduradunekin elkarlanean antolatu ditu solasaldi hauek.

Egitasmo honen helburua euskara irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea da, bai eta herritarren euskarazko kultur kontsumoa eta euskal liburugintza indartzea ere. Bidenabar, Literatura-geraldien bidez, esperientzia literarioak konpartitu eta liburutegi publikoen erabilera bultzatu nahi da.

Bortzirietakoa baino eremu zabalagoa hartzen du ekimenak. Ziklo osoa antolatzen honako toki entitateetako euskara zerbitzuak aritu dira: Baztango Udala, Bortzirietako Euskara Zerbitzua, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea eta Sakanako Mankomunitatea. Ekimenak Nafarroako Gobernuaren laguntza jasotzen du.

Prentsa-oharra