
Eremu euskaldunenean ere euskarak gibelera eginen duela diote azken ikerketek. Esnatu UEMAk horri erantzuteko eta egoera iraultzeko arduratik sortutako ekimena da. Helburua da era guzietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten haien konpromisoak sustatzea. Bortzirietan, Ernatu zikloa antolatu du Euskara Zerbitzuak, irail osorako egitarauarekin.
Abiapuntua
Azken ikerketek eta datu soziolinguistikoek alarma guziak piztu dituzte: euskara larrialdi egoeran dago, minorizazio gorrian, eta arnasguneen gainbeherak ez du etenik.
Lan handia egin da euskararen biziberritzean azken hamarkada hauetan. Hala ere, hizkuntza gutitua da oraindik euskara eta, gaur egungo joera soziolinguistikoak irauli ezean, geldialdi zantzuek galera aroari bide emanen diotela diote ikerketek. Bilakaera demografikoak, mundu mailako aldaketek, teknologiak zein bizi-ohitura berriek ez dute etorkizun samurra iragartzen euskararentzat. Sendo eragin beharra dago gibelera egitea nahi ez badugu.
- Arnasguneen gainbehera agerikoa da, eta hamar urteren barrenean arnasgunerik gabe geratzeko arriskua dugu.
- Lurgune euskaldunena ahultzeak euskararen egoera orokorra larriagotuko luke.
- Ezinbertzekoa da lurgune euskaldunena sendotzea, euskararen lurgune osoan eragiteko eta euskararen indarberritzea hauspotzeko.
Hori ikusita, UEMA egoera iraultzeko prest dago:
- UEMAK 120 udal biltzen ditu gaur egun, eta 350.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatzen du.
- Lurgune horren erakusle argia da. Horregatik, egoerarekin kezkatuta eta dagokion ardurari helduta, egoera iraultzeko gidaritza hartzeko prest dago, beti ere bateko eta bertzeko eragileekin elkarlanean.
- 2026ko otsailaren amaieran, erraterako, Lurralde Estrategia aurkeztu zuen UEMAk. Lurgune euskaldunena sendotzeko proposamen zehatza da, euskararen indarberritzea hauspotzeko.
- 2026ko apirilean, berriz, ESNATU dinamika abiarazi zuen, Euskal Herri osoko hamaika eragileren babesarekin eta egoera iraultzeko konpromisoekin. Azaroaren 26an eginen den ekitaldi batekin emanen zaio akabera ESNATU dinamikari.
Ernatu zikloa Bortzirietan, irail osoan
Bortzirietako Euskara Zerbitzuak, UEMArekin elkarlanean eta dinamikarekin bat eginez, hilabete osoko zikloa prestatu du, egitarau zabalarekin:
- Irailaren 3an, ortzeguna, emanen zaio hasiera, UEMAko lehendakari Martin Aramendik, Bortzirietako alkateek eta euskara zinegotziek Arantzako plazan, 19:00etan, eginen duten agerraldiarekin. Ernatu zikloa eta Bortzirietako egitaraua aurkeztuko dituzte bertan, eta, horrez gain, Arantza arnasgune panelaren berri emanen dute.
- Irailaren 10ean, ortzeguna, Irati Urdalleta kazetariak ondu duen “Euskaldunak, etxean arrotz” dokumentala izanen da, Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunean, 19:00etan. Emanaldiarekin batera, egilearekin solasaldia ere izanen da. Dokumentalean euskaldunek euskaldun izate hutsagatik jasan izan dituzten eta gaur egun ere jasaten dituzten zapalkuntzak islatzen dira.
- Irailaren 13an, igandea, Imanol Epelderen “Zerbait sartu zait begian” ikuskizuna izanen da, Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan, 19:00etan. Musika, hitza eta irudia nahasten dituen performance garaikidea da Epeldek aurkeztuko duena. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez. Ekitaldia doakoa bada ere, aitzinetik gonbidapena eskuratzea beharrezkoa da.
- Irailaren 17an, ortzeguna, Bortzirietako eragileak elkartuko dituen foroa eginen da Igantziko Baratzondo elkartean, 19:00etan, UEMAko Irati Odriozola teknikariaren eskutik. Hauxe da, gainera, dinamika honen funtsa, eskualdeko mota guzietako elkarte, talde, erakunde eta eragileen babesa bilatu eta konpromisoak bildu nahi baitira, lurgune euskalduna sendotzeko eta euskararen biziberritzea hauspotzeko helburuarekin.
- Irailaren 24an, ortzeguna, Garikoitz Goikoetxeak “Esnatu ala hil” hitzaldia eskainiko du, Berako Beralandeta eraikinean, 19:00etan. Goikoetxeak euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruan egindako azken ikerketek utzitako emaitzak eta epe ertainera aurreikusten den bilakaera azalduko ditu, Iñaki Iurrebasorekin batera iaz argitaratutako Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua oinarri hartuta.
Ekitaldi hauez gainera, Bortzirietako udalek dinamikarekin bat egiteko helburua duen mozioa landuko dute osoko bilkuretan.
