Bortzirietako euskalduntze kanpaina aurkeztu dute

Bortzirietako Euskaltegian izen emateko epea irailaren 30era arte egonen da irekita, eta kanpainari hasiera emateko euskara zerbitzuak eta Bortzirietako Euskaltegiak D’Capricho bikotearen kontzertua antolatu zuten Beran, irailaren 11n. Kontzertua hasi aitzinetik mankomunitateko ordezkariak eta euskaltegi ikasle zein irakasleek agerraldia egin zuten, euskara ez dakiten herritarrak euskaltegian izen ematera gonbidatu zituzten, baita herritar guziak ere, oro har, euren euskara maila landu dezaten.

D’Capricho bikotearen kontzertua luxuzkoa

Jatorri kubatarra duten bi ahizpak osatzen dute D’Capricho bikotea, euren abestiak poeta kubatar eta euskaldunen hitzekin sortu dituzte, Dana Euskal Herrian bizi da, eta Dani Kubatik etorri zen uda hasieran; udan osoan kontzertu bira eskaini dute Euskal Herrian barrena. Berakoa izan zuten birako hondarreko kontzertua Kubara abiatu aitzinetik. Kontzertu polita eskaini zuen D’Capricho bikoteak eta bertaratuek gozatu ederra hartu zuten.

Mankomunitatearen konpromisoa euskara ikasleak diruz laguntzeko

Aurten berritasunak izanen diren mankomunitatearen dirulaguntza deialdian. Hartara, euskara ikasleek bi data hartu behar dituzte kontuan, mankomunitatearen dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 9ra arte egonen da irekita eta Euskarabidearen dirulaguntza eskatzekoa azaroaren 3ra arte.

Aurtengo deialdiak bi talde bereizten ditu, A1 eta A2 mailako ikasleek Euskarabideari eskatu beharko diote dirulaguntza, eta deialdi honek izaera osagarria izanen du. B1, B2, C1 eta C2 mailako ikasleentzat ez da izanen aldaketarik eta urtero bezala eginen dira eskaerak. Banaketa honen arrazoia da gaur-gaurkoz Euskarabidearen deialdiak hasmentako mailetan ia-ia doakotasuna bermatzen duela, eta mankomunitateak sustatu nahi duela Bortzirietako herritarrak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza lerroaren onuradun izatea, deialdi honen oinarrian dagoen doakotasunaren helburuari kalterik egin gabe. Hartara, A1 eta A2 mailako ikasleentzat deialdi honek izaera osagarria izanen du.

Dirulaguntza eskatzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa

Dirulaguntza egoitza elektroniko bidez aurkeztu beharra da edo bertzelako ohiko bideak erabilita. Aurtengo deialdian izan diren berrikuntzak kontuan hartuta, euskara zerbitzuak dirulaguntza eskaera egiteko aurrez aurreko laguntza eta aholkularitza eskainiko dizkie herritarrei.

  • Arantzan: astelehenetik ortziralera, 09:00etatik 14:00etara, herriko etxean, euskara zerbitzuan.
  • Beran: irailaren 18an, ortziralearekin, 09:00etatik 14:00etara, Beralandetan.
  • Lesakan: irailaren 21ean, astelehenarekin, 09:00etatik 14:00etara, Eskolttikin.
  • Etxalarren: irailaren 21an, ortzegunarekin, 09:00tatik 14:00, herriko etxean (mankomunitatean).
  • Igantzin: irailaren 24an, asteazkenarekin, 09:00etatik 14:00etara, herriko etxean.
  • Bera: irailaren 30ean, asteazkenarekin, 16:30etik19:00etara, Beralandetan.
  • Lesaka: urriaren 1ean, ortzegunarekin, 16:30etik 19:00etara, Euskaltegian.