“Esnatu ala hil” solasaldia Gari Goikoetxearekin

Irail osoan garatu da Bortzirietan Ernatu zikloa, UEMAk antolatutako Esnatu dinamika indartzeko helburuarekin. Zikloa borobiltzeko, Gari Goikoetxea Etxeberriaren solasaldia izanen da, irailaren 24an, orteguna, 19:00etan, Berako Beralandeta eraikinean. Herritar guziei irekia dago solasaldia.

Solasaldiak oinarri hartuko du hizlariak Iñaki Iurrebaso soziologoarekin batera iaz argitaratutako liburua, Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan izenekoa. Euskararen indarberritze-prozesuaren momentu giltzarri honetan, hizkuntza-larrialdiaz eta euskararen bidegurutzeaz hainbertze hitz egiten den garaiotan, liburuan ekarpen bat egiten dute egileek,  bertze betaurreko batzuekin begiratuz euskararen egoerari, ikuspegi demo-linguistikoan oinarrituz eta hizkuntzaren osasunari buruzko aldagai nagusiak aztertuz. Datozen hamarkadetako bidea irudikatzeko ezinbertzekoa da euskararen bilakaera eta egoera zein diren ohartzea. Euskararen biharko ametsak ernatzea eskatzen baitu gaur.