Ernatu foroa elkartu da

Bortzirietako zenbait eragile elkartu ziren Igantziko Baratzondo Elkartean, urriaren 26an, UEMA Euskal Herrian garatzen ari den Esnatu dinamikaren aurkezpenean. Irati Odriozola UEMAko teknikariak gidatu zuen saioa. Lehenik, azken bizpahiru urteotan egin diren ikerketa soziolinguistikoek utzitako datu adierazgarrienak eman zituen, Euskal Herrikoak nahiz eskualdekoak. Ondorio argi bat utzi dute ikerketa horiek: euskararen biziberritzea geldialdi batean dago azken urteotan eta, orain arte egiten ditugun hizkuntza politikekin jarraituz gero edo horiek eraldatu ezean, biziberritze prozesu hori gibeleraka hasiko da, eta hamar urteren buruan gureak bezalako herri euskaldunak aunitz erdaldunduko dira. Are gehiago, gaur egun arnasgune gisa ezagutzen ditugun herririk ez da izanen.

Egoera horren aitzinean eragin beharra ikusi du UEMAk. Erakundeek legeak egokitu beharko dituzte, hizkuntza politika berriak abian jarri, baliabide gehiago eskaini… baina herritarrek eta eragile sozialek ere haiei dagozkien konpromisoak hartzeko garaia da. Hortaz, saioaren bigarren zatian, Odriozolak proposamena luzatu zien, norbere erakundean gaia aztertu eta euskararen garapenean aitzinera egiteko konpromisoak har ditzaten. Eragileek beren entitateetan gaia aztertuko dute, eskura eman zaizkien konpromiso ereduak edo bertzelakoak hartu eta Esnatu dinamikaren web orrian zintzilikatu. Entitate bakoitzaren esku geldituko da hartutako konpromisoak betetzea.

BORTZIRIAK_Ernatu diptikoa