Martxoaren 14an, larunbatarekin, 200 lagun bildu ziren Etxalarren, euskararen alde eta Ttipi-ttapa Telebistaren etena eragin duen hizkuntza politika salatuz. Bukaeran, Pello Apezetxeak agiria irakurri zuen Bortzirietako euskara batzordeen izenean.
TTIPI-TTAPA TELEBISTAREN ETENA DELA-ETA
Urtarrilean, Ttipi-ttapa fundazioak, telebista emisioa bertan behera uzteko erabakia hartu zuen. Ttipi-ttapa Telebista kinka larrian zegoen lehendik, bertze euskarazko tokiko hedabide aunitz bezala, Nafarroako Gobernuak gero eta diru laguntza murritzagoak ematen baititu.
Horren aitzinean, Nafarroako Gobernua euskararen aurka ari dela salatu nahi dugu. Nafarroako Gobernuak, inoiz ez du euskararen aldeko jarrera izan. Baina azken urteetan, hori aski ez, eta euskararen aurkako hizkuntza politikari ekin dio buru-belarri:
– lege bidez euskarari eta euskaldunoi ateak itxi,
– euskararen ezagutza ahal den neurrian oztopatu,
– hizkuntza paisaiatik euskara ezabatu,
– euskalgintza ekonomikoki ito…
Zoritxarrez adibide aunitz ditugu.
Euskarazko hedabideei dagokienez, tokiko hedabideen aurkako erabakiak aspaldikoak dira. Lurreko telebista digitalaren lizentziak banatzerakoan, gure eskualdea, tokiko telebista izateko aukerarik gabe utzi du Nafarroako Gobernuak. Gainera, hedabideei zuzendutako diru laguntzen murrizketak, %95ekoak, izan du bere lehenbiziko ondorioa, aise aurreikusi zitekeena: Ttipi-ttapa Telebistaren etena. Erabaki hori helburu argi batekin hartu dute: euskara eta euskalgintza itotzea. Jakina zen, halako murrizketak, arrisku bizian utziko zituela tokiko hedabideak.
Horregatik, batetik, Ttipi-ttapa fundazioari elkartasun mezua helarazi nahi diogu. Bertzetik, herritar eta erakundeei bertako euskarazko hedabideen defentsan aritzeko deia egin nahi diegu. Horretarako, hurrengo ekimena, abian dugun sinadura kanpainan parte hartzea izanen da.