112 ziurtagiri banatu ziren joan den ekainaren 6an Berako Kulturetxean egin zen Bai Euskarari Ziurtagirien banaketa ekitaldian. 112 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Bortzirietan, ekainaren 6an, Berako Kulturetxean egin zen bosgarren banaketa ekitaldian. Horietatik 18k “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila lortu dute, 49k “Zerbitzua euskaraz” maila eta 45k “Bidean” maila.
Bortzirietan urte batzuk badaramatzagu euskararen erabilera bultzatzen: 112 Ziurtagiri banatu dira aurtengoan eta kopuru garrantzitsu honen gibelean, ziurtagiridunek urtez urte ematen dituzten urratsak, lortzen dituzten helburuak eta beraien konpromisoen bitartez egunerokoan eragiten dutena are garrantzitsuagoa dela azpimarratu zuen Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak Beran.
Euskara Mankomunitateko lehendakari orde Ramontxo Elgorriagak, euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra azpimarratu zuen ekitaldian. Bestetik, Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu zituen eta Bortzirietako euskalgintzak Bai Euskarai Ziurtagiriaren proiektua babesten nahiz bertan parte hartzen jarraituko duela ziurtatu zuen, euskararen normalizaziorako bidea gizarteko eragile guztiek batera egin behar baitute.