Solaslaguna egitasmoa martxan da

Hirugarren urtez, martxan da solaslaguna egitasmoa Bortzirietan. Aurten, gainera, dinamizatzaile bat hasi da lanean, Estebe Apezetxe; Erratzukoa da, eta 24 urte ditu. Bortzirietan ariko da lanean, eta ondoko bertze bi eskualdeetan ere bai. Haren lana izanen da Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan taldeak osatzea eta haien jarraipena egitea. Horretaz gain, hiru eskualdeetako zerbitzuekin batean ariko da, eta koordinazio lanak ere eginen ditu.

 

Bortzirietan ez da lehen aldia solaslaguna egiten dena, baina azalduko al zenuke zer den goiti-beheiti?

Solaslaguna funtsean euskararen erabilera indartzeko egitasmo bat da. Labur erranik hauxe da: euskaraz mintzatzeko zailtasuna duten pertsonak elkartzea euskaldun zaharrekin. Hemen solalaguna izena du, baina Euskal Herri osoan egiten dute, eta tokian-tokian bere izena du; errate batera, berbalaguna Bizkaiko zenbait herritan eta mintzalaguna bertze herri batzuetan.

Eta zer egiten dute?

Hori beren esku dago. Kontua da euskaraz aritzeko aitzakia bilatzea: nahi bada, ostatuan kafe bat hartu bidenabarrean; nahi bada, mendira joanda; edo, nahi bada, kalean paseatuz. Jendearen gustuko gauzak eginez euskaraz solas egitea.

Zerbait ordaindu behar da? Baldintzarik bete behar da izena emateko?

Ez da deus ere ordaindu behar. Baldintza bakarra da euskaraz aritzea. Orduan, gutxienekoa da euskara ulertzea, eta zerbait mintzatzen jakitea nahiz ongi ez moldatu. Horretarako baita, euskaraz kostata egiten dutenak euskaraz mintzatzeko ohitura hartzeko.

Zein da zure lana?

Nire lana da parte hartu nahi dutenen izenak jasotzea eta taldeak osatzea. Interesik izanez gero, telefono honetara deitu: 610 92 06 73 (Estebe). Izen-abizenak hartuko dizkiot, telefono zenbaki bat hartuko diot eta galdetuko diot zein ordutan heldu zaion ongi norbaitekin elkartzea.

Ari al da jendea izena ematen?

Bai, poliki-poliki ari da jendea apuntatzen. Iragarkiak egin ditugu, elkarrizketak Xorroxinen, Ttipi-ttapa-n, joan den ortziralean aurkezpena egin genuen Beran eta Lesakan… Ea jende gehiago animatzen den; hartara, errazagoa izanen da taldeak egitea jendearen gustuen araberakoak eta jendeari ongi heldu zaion orduren batean.