Nafarroako Gobernuak hainbat liburuzain lanpostu betetzeko oposiziorako deialdia egin zuen urte hasieran. Tartean ziren Bera eta Lesakako liburutegietako arduradunen lanpostuak. Horietan aritzeko ez zen beharrezkoa euskaraz jakitea, eta ez zen meritu gisa baloratzen ere.
Hori salatzeko sinadura bilketa bat egin zen Bortzirietan, eta Nafarroako Arartekoari helarazi, mankomunitateko lehendakariaren eskutitzarekin batera. Arartekoak horri buruzko ebazpena eman du.
Txostenean dio bi herri horietan liburuzain lanpostuan aritzeko euskaraz jakitea beharrezkoa izan beharko litzatekeela, edo bertzela merezimendu kualifikatu gisa baloratu beharko litzatekeela.
Hortaz, Nafarroako Gobernuari oroitarazten dio Euskarari buruzko Foru Legea betetzeko beharra duela, eta bi hilabeteko epea ematen dio honi buruz informea igortzeko. Dena den, kontuan izan behar da Arartekoak gomendioak ematen dituela, eta hark erraten dituenak ez direla lotesleak administrazioarentzat.