ERREGEA ETA BUFOIA BERAN

Berako Euskara Batzordeak Erregea eta bufoia bertso eta antzerki ikuskizun berezia antolatu du datorren larunbaterako. Euskara batzordeak Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin antolatu du emanaldia. Sarreraren prezioa 5 eurokoa da, eta lehiatilean bertan eskuratu ahalko da, 21:00etatik aitzinera. Ikuskizun honetan Ander Lipus aktorearekin batera, Sustrai Colina bertsolaria eta Unai Elizasu gai jartzailea arituko dira; bufoia, erregea eta zalduna, hurrenez hurren. Erregea eta bufoia, bertsolaria eta aktorea, nor baino nor arituko dira. Ikuskizun honetan esperimentatu nahi da erregea eta bufoiaren arteko borroka honetan hitza nork apainduko ote duen hobeki. Alegia, bertsoa eta antzerkia, antzezlea eta bertsolaria, norgehiagoka horretan, nor ote den gehiago. Hori guztia zaldunak (gai jartzaileak) prestatutako gaien arabera.
Aktoreak, pertsonaia ezberdinak baliatuko ditu bertsolariaren hitzei aurre egiteko. Ez du lan erraza izango, bertsolaria errege baita hitzarekin jolasten. Bufoiak berriz, erregearekin jolastu nahi du, burla eta trufa eginez.