Azken urte hauetako ohiturari jarraiki, Lesakako Euskara Batzordeak hainbat ekitaldi antolatu ditu ekainaren 23rako. San Juan bezperako suak eta horren ingurukoek gero eta gehiago erakartzen dituzte lesakarrak, eta hori pozteko arrazoia dugu. Euskara batzordetik, hainbat jarduera antolatzeaz gain, euskararen aldeko mezua zabaltzeko baliatzen dugu ospakizun hau. Aurten, udalerria UEMAn sartu berri den honetan, Lesaka euskararentzat arnasgune dela aldarrikatuko dugu.
Herri euskalduna da Lesaka, eta hala izaten segi dezan euskarak babes neurri bereziak behar ditu. Horrez gain, herri euskaldunotako herritarrok, badugu gure ardura euskararen ekosistema babesteko, eta bagara eredu ingurune erdaldunduentzat, Euskal Herri euskalduna lortze bidean.