UEMAko UDAL ORDEZKARIEK MARTXOAREN 22AN, IRUÑEAN, EGINEN DEN MANIFESTAZIOAN PARTE HARTZEKO DEIA EGIN DUTE

Leitza, Lesaka, Araitz, Igantzi, Goizueta, Basaburua, Baztan eta Larraungo udal ordezkariek salatu dutenez, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak euskara eremu publikotik erabat desagerrarazi nahi du. Nafarroako euskalgintzak bizi duen egoeraren aitzinean “kezkatuta eta haserre” agertu dira UEMAko ordezkariak. Euskara sustatzeko diru laguntzarik gabe, udaletatik hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzeko egiten ari diren “ahalegina” azpimarratu dute.

Berria telebistan agerraldiaren bideoa ikus daiteke.

Agerraldian irakurritako testua (iturria: UEMA)

UEMAko udalek Nafarroako euskalgintzak bizi duen egoeraren aitzinean gure kezka eta haserrea agertu nahi dugu, Nafarroako Gobernuak, bertze behin, inolako diru-laguntzarik gabe utzi duelako euskara bultzatzeko ekimen eta lan oro.

Udalek azkeneko urteotan Nafarroako Gobernuarengandik finantziazio murrizketa handia pairatu dute, eta horien artean, nabarmendu behar dugu Euskara Zerbitzuek jasan dutena, urterik urte laguntzak murrizten joan dira, erabat desagertu arte. Agerian gelditu da, Nafarroako Gobernuak hizkuntza politika argi eta planifikatu bat baduela Nafarroarako: euskara eremu publikotik erabat desagerraraztea.

2013an inolako diru-laguntzarik gabe gelditu gara Nafarroako udalak eta mankomunitateak euskara zerbitzuetako plangintzak garatzeko. Eta 2014rako aurreikuspena ere bera da, inolako diru-laguntzarik ez jasotzea.

Eta udalen egoera kezkagarria bada, ez da hobea euskalgintzako gainerako eragileena ere. Hedabideak izan ziren diru-laguntzarik gabe gelditu ziren lehenak. Gero etorri dira helduen euskalduntze-alfabetatzea eta euskara zerbitzuak. Baita, gure haurrak euskaraz hazi eta hezi daitezen, hain beharrezkoa dugun D ereduaren aurkako eraso baldar eta neurrigabea.

Udalak gara, oro har, Euskal Herrian hizkuntza-politika ausartenak eta aurrerakoienak lantzen ari garenak, eta horien artean nabarmentzekoa da UEMAko udalerriek egiten dugun lana. Aitzindariak gara, gure herriak arnasguneak dira euskararentzat, eta euskaraz bizitzeko apustua egina dugu. Horrek, ezinbestean, eskatzen du hizkuntza-politika planifikatu bat edukitzea, bitartekoak paratzea euskara garatzeko. Bide horretan, sekulako ahalegina egiten ari gara udalerri euskaldunak, Nafarroako Gobernuaren inolako babesik eta laguntzarik gabe. Gure herrietan lan egiteaz gain, Nafarroako Gobernuari ere hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoaren bidea eten eta gure herrietan ematen dituen zerbitzuak euskaraz bermatu ditzan lanean dihardugu. Horren lekuko dira bake epaitegietan, liburutegietan edo osasun arloan egiten ari garen lanketak, esate baterako.

Euskarari buruzko 15/1986 Foru Legearen arabera, UEMAko udalerriak Nafarroako “zonalde euskaldunean” daude. Hortaz, euskara hizkuntza ofiziala da eta “herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute.” Gure udalerrietan goi administrazioak eskaintzen dituen hainbat zerbitzutan (liburutegietan, osasun etxeetan, epaitegietan, emakumeen arretarako zentroetan) ordea, ez da euskarazko zerbitzurik bermatzen. Nafarroako gobernuak ez ditu legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubideak errespetatzen, ez eta euskararen legea bera ere.

Egoera hau jasangaitza da. Nafarroako aniztasunari bizkar eman eta bertako hizkuntza sustatzeko politikak bazter utzi dituen gobernu honi bestelako hizkuntza politika bat nahi dugula, eta beharrezkoa dela, aldarrikatzeko Nafarroako UEMAko udalerriek ere bat egin nahi dugu datorren martxoaren 22an Iruñean egingo den manifestazioarekin. Nafar herritarrei dei egiten diegu bertan egon, euren eskubideak aldarrikatzen, nafar guztion hizkuntza eskubideak kalean aldarrikatzen.

Berria telebistan agerraldiaren bideoa ikus daiteke.