Datorren larunbatean, urriak 4, 19:30etan, Andoni Egaña bertsolariaren eta Xabier Lizaso piano-jotzailearen eskutik Garai hura gara ikuskizuna izango da Berako Kultur Etxean.
Garai hura gara Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren ikuskizunaren berria da. Ikuskizunean XVIII. mendeko eta XIX.aren hasierako kultur-joeren berri eman nahi dute. Europan, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Amezketan… kultura nola bizi zen egunotara ekartzea da helburua.
Musikan, Xabier Lizaso piano-joleak Larrañaga, Gamarra eta Osinaga konpositoreen musika ekarriko du. Baita Peñaflorida Kondearen hainbat obra jo ere: “Sententziatu dute”, “Aita gurea”, “Irten ezazu”…eta zortzikoren bat. Andoni Egaña bertsolariak Fernando Amezketarraren lana ekarriko du gogora.
Emanaldia 19:30etan hasiko bada ere, ordu bat lehenagotik kultur etxea irekia egonen da, sarrerak erosi ahal izateko. Sarrerak 6 eurotan eskuratzen ahal dira.
Ikuskizuna Berako Euskara Batzordeak antolatzen du, Berako Kultur Batzordea eta Nafarroako Antzoki Sarearen laguntzarekin.