“Joxe Mari Ezkerra, XIX. mendeko bertsolariaren misterioa” hitzaldia Beran

2020an hasitako bideari jarraituz, aurten ere “Uscaldunac garen ezquero” ekimenaren barrenean solasaldi bat antolatu dute Berako Udaleko Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Solasaldia Beralandetan izanen da, abenduaren 2an, 18:00etan, Joxan Elosegiren eta Aitor Errazkinen eskutik.

 

 

José Mari Arrieta Agirre “Ezkerra” bertsolaria hizpide

Elosegik eta Errazkinek Ezkerra bertsolaria ikertu dute, eta haren ibilbidearen eta bizitzaren gaineko informazio aunitz bildu dute. Horren guziaren berri emanen dute solasaldian.

Ezkerra XIX. mendearen lehen zatian Euskal Herriko bertsolari garrantzitsuenetariko bat izan zen. Beratarra zela gaur-gaurkoz ezin ziurtatu bada ere, badirudi zantzu fidagarrienek hori diotela. Bertsolari oparoa izan zen, eta solasaldian haren zenbait bertso sorta ere ezagutzera emanen dira.

“Uscaldunak garen ezquero” ekimenaren barne

Berako udal artxiboan gordetako 1882ko eskuizkribu baten aitzakian hasi ziren antolatzaileak abendu hasieran izenburu horren pean hitzaldiak eta bertzelako ekitaldiak antolatzen. Eskuizkribu hori orain arte euskaraz aurkitutako testu administratibo bakanetakoa da, eta horren edukiak eta gainerako xehetasunak ikertzen ibili ziren Ekaitz Santiziliak eta Mikel Tabernak eskaini zuten lehen hitzaldia.

2021ean ekimenaren ardatza oikonimia izan zen, hau da, etxeen izenak. Orduko hartan “Etxe izenak: ezaugarri orokorrak eta Berako erabilera” hitzaldia eskaini zuten Paxkual Rekalde eta Andres Iñigo euskaltzainek, eta Oskar Alegriaren “Emak bakia baita” dokumentala ikusteko aukera izan zen.