Asteburu luzea dugu aitzinean berriz ere. Hori aprobetxatuz Igantziko Euskara Batzordeak Udaberriko Bestak antolatu ditu. Apirilaren 28an, ortzirala, Manu Eziolazaren hitzaldia izanen da Biltokin, 19:00etan. Manu urte aunitzetan Igantziko medikua izan zen, eta orain Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko presidentea da. “Heriotz duina eta bizi testamentua” gaiaren inguruan solastuko da.
Apirilaren 29an goizeko 11:00tan dantza-jazz emanaldia izanen da frontoian. Arratsaldean, 16:00etan hasita, haurrentzako tailerrak eginen dira frontoian, eta ondotik txokolatada izanen dute.
Apirilaren 30ean, igandearekin, eskolako ikasleek beren urteroko antzerki emanaldia eskainiko dute Baratzondon, 18:00etan. Ondotik, 19:30ean hasita, pintxo potea izanen da, herriko trikitilariek girotua.
Maiatzaren 1ari gaiteroek emanen diote hasiera, karrika bueltarekin. Gero, 12:00etan, berriz joko dute, herriko dantzarien saioarekin batera. Bestei akabaila emateko, Siriako errefuxiatuei buruz solasaldia izanen da Eskolzarren, 19:00etan, Joxean Ortegaren eskutik. Joxean herriko eskolako irakaslea da, eta joan den udan Grezian ibili zen, Nafarroako suhiltzaileekin batera, errefuxiatuei laguntza ematen.
Aurten, gainera, Udaberriko Bestetan berrikuntza bat izan da. Aitzineko iganderako Liburutegiko Taldeak “Liburuaren Eguna” antolatu zuen. Goiz eta arratsaldez antolatutako ekitaldiak aski arrakastatsuak izan ziren.