“Nahi duzuna dugu”: Sareuskaren merkataritza egitasmoa Ibardinen

Sareuska lan sarearen baitan, Euskal Hirigune Elkargoak, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak martxan jarriko dute Ibardin, Behobia eta Hendaiako merkataritza guneetan eta Hondarribiko ostalaritza gunean euskararen erabilera sustatzeko proiektua.

2014az geroztik, Euskal Hirigune Elkargoak, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, batera dihardute lanean Sareuska izenez ezaguna den euskararen sarearen baitan. Hiru lurralde eremu hauetako pertsonen arteko harremanak eta joan-etorriak gero eta ohikoagoak dira. Horrez gain, hirurek partekatzen dute ezaugarri soziolinguistiko bera: euskara. Testuinguru honetan, beharrezkoa ikusten zen euskara sustatzeko egitasmo integral bat lantzea, hiru eremu hauetan modu bateratuan antolatutako ekintzak burutu ahal izateko.

Hortik abiatuta, egitasmo berri bat aurkezten da: “Nahi duzuna dugu” kanpaina. Ibardin, Behobia eta Hendaiako merkataritza guneetan eta Hondarribiko ostalaritza gunean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa izango da honakoa.

Euskararekiko motibazio eta sentsibilizazioa landu

Merkataritza eta ostalaritza arloko profesional eta establezimenduei zuzendua egongo da, bi ikuspuntu kontuan hartuta.

Batetik, euskararen aldeko atxikimendu afektiboa, bertako izaera kulturalaren ezaugarria izanik, asko direlako euskara maite duten pertsonak eta hortaz, euskara zabaldu eta sustatzearen alde daudenak, bai bezeroen artean baita  merkatari nahiz ostalarien artean ere.

Bestetik, euskararen aldeko atxikimendu efektiboa, izan ere, asko dira arreta zerbitzua euskaraz jaso nahi duten bezeroak eta, horregatik, establezimenduetan euskararen erabilera areagotzea bezeroei eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobetzeko tresna praktiko eta eraginkorra izan daiteke, zalantzarik gabe.

Katalogo bidezko doako zerbitzu eskaintza

Establezimenduei eskainiko zaizkien zerbitzuen katalogoa diseinatuko da. Katalogoa establezimenduen artean banatuko da eta aukera emango zaie nahi dituzten zerbitzuak eskatzeko. Eskaera horiek jaso eta kudeatu ondoren, eskatutako materialak emango zaizkie. Zerbitzu hauek gainera, doakoak izango dira.

Komunikazio euskarri anitzak establezimenduen eskura

Ageriko idazki eta euskarri komunikatiboetan euskararen presentzia areagotzeko, baliabide anitzak eskainiko zaizkie katalogoaren bitartez establezimendueri. Horren baitan, komunikazio euskarri ezberdinak daude : irekia/itxia karteltxoa, eranskailuak, merke aldi garairako kartelak… Kartel mutuak ere banatuko zaizkie beraiek nahi duten testua idazteko eta jarduera adar desberdinetarako hiztegi komertzialak argitaratuko dira.

Katalogoko zerbitzuetatik aparte, eremu bakoitzeko egitasmoaren sustatzaileek, euskara sustatzeko jada eskaintzen dituzten bestelako zerbitzu eta diru laguntza eskaintzen berri emango dute.

Zerbitzu guzti horiekin eta Sareuska sarearen bitartez, hiru partaideek merkataritza eta ostalaritza guneetan hizkuntza paisaia euskalduntzea dute helburu.

Iparraldeiko hitza

Kazeta