Berriki Mikel Taberna idazle beratarrak Argia aldizkarian argitaratutako artikuluan Berako Udalean dagoen 1822ko euskarazko eskuizkribuaren berri eman du.
Dokumentu zahar hori 1981eko Berako Oihua aldizkarian agertu bazen ere, geroztik ez da horren berri sobera zabaldu, eta orain Argia aldizkarian argitaratu dute, dokumentua ez ezik, haren gaineko azalpen zehatzak ere bai.
Testu horretan herriko medikua (“barbera”) hautatzeko irizpideak azaltzen dira, euskara ederrean. Izan ere, herriko medikua izandakoa bat-batean hila zen, eta haren ordezkoa zeren arabera hautatuko zen azaltzen da dokumentuan.
Testua bera euskaraz egin izana azaltzen dute egileek: “Uscaldunac garen ezquero…”. Alegia, euskaraz aritzea erabaki zuten, elkar hobeki ulertzeko, euskarak ematen baitzien euren artean gaizki-ulerturik ez izateko ziurtasuna. Euskaraz esplikatzera behartuak sentitzen ziren, baina “errespetuz beteric”, bazekitelako ez zela norma –bertzelakoa zela agindua–, eta, nonbait, ez zutelako nahi inork haiei kargu hartzea.
Izkribuak ez dakar sendagile lanpostua betetzeko hautagaien hizkuntz eskakizunen gaineko aipamenik, baina udal artxiboan bildurik dauden agirietan ikus daiteke oposizioa egin zela Iruñean, bi hautagairen artean bat hartzeko, eta Pedro José Goizueta Alcasena hautatu zutela, sortzez lesakarra eta Igantziko sendagilea zena.
Epaileen iritziz, bietako edozeinek ongi beteko zuen sendagile lana, baina Berako Udalaren borondatea kontuan hartuz , lesakarra hobetsi zuten. Ez dute argitzen hautespen horren arrazoia hizkuntzaren ezagutza izatea. Baina litekeena da hala izatea, zeren geroagoko bertze agiri batean, Berako Udalak 1831n bertze mediku bat hautatu behar izan zuen garaian, espresuki aipatzen baita hautagaiek euskaldunak izan behar dutela: “…los pretendientes deven poseher el idioma bascongado…”. Alegia, hizkuntza irizpideak ez direla atzo goizeko kontua!