Euskara batzordeak kultur egitarau zabala antolatu du abendu hasierarako.
Lehen ekitaldia abenduaren 5ean, ortzegunarekin, izanen da. “Aralar, mundua leku den lurra” dokumentala eskainiko da, Bidaziren eskutik, Eskolzarren. Ondotik solasaldia izanen da dokumentalaren egileekin.
Abenduaren 6an 16:30ean hasiko dira ekitaldiak. Maksim Magoak bere ikuskizuna eskainiko du gimnasioan, eta ondotik haurrentzako berendua izanen da.
18:30ean “Bortziriak solasean” liburua aurkeztuko da Eskolzarren. Liburuaren egileak, Maite Lakar eta Jon Abril, bertan izanen dira. Liburua (eta CDa) joan den ekainean argitaratu zen, eta oinarrian ditu 2000-2001 urteetan Maite Lakarrek eta Nora Osesek Bortzirietako adineko herritarrei egindako elkarrizketak hainbat gairen inguruan: garai bateko bizimodua, lanbideak, sinesmenak, kontrabandoa, mitologia, zerri-hiltzea, etab.
Egunari behar bezalako akabaila emateko, Dama beltzak ikuskizuna izanen da, Baratzondon, 22:00etan. Emanaldi honetan Estitxu Pinatxok eta Mikel Santxezek bortz dama beltzi errekonozimendua egiten diote, musika bikaina egiteaz gain, musikaren bitartez borroka egiteagatik. Hain zuzen Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin omenduko dituzte. Emanaldian beraien abestiak kantatzeaz gain, beraien bizitzari buruz ere solastuko dira.
Abenduaren 7an, larunbata, 17:00etatik aitzinera haurrentzako joko tradizionalak izanen dira frontoian, eta hasi aitzinetik herriari buelta emanen diote eltze-burrunbarekin.
Urteroko antzerki emanaldia ere ez da faltako. Baratzondon izanen da, 21:00etan, Intujai taldearen eskutik. “Ama-Alu-Lur” emanaldia eskainiko dute, Espe eta Leo arkeologoek kobazulo baten barrenean topatuko duten paleolito garaiko alu erraldoi baten bueltan.
Abenduaren 8an borobilduko dira kultur egunak. Eguerdian dagoeneko ohitura bihurtzen ari den saioa izanen da. Herriko dantza taldeak emanaldia eskainiko du, baina herriari buelta emanez eta hainbat puntutan dantzak eskainiz.
Arratsaldean iaz hainbertzeko arrakasta izan zuen ekitaldia izanen da berriz ere: gaztain eta opil jatea bertsolariekin. Aurtengoan bertsolariak Maddalen Arzallus eta Agin Laburu izanen dira, eta Estitxu Arotzena arituko da gai jartzaile. Herriko bertso eskolako haurrek ere parte hartuko dute. Helduen sarrera 5 euro kostatuko da, eta haurrena 2 €.