Bortzirietara bizitzera heldu diren herritarrei harrera egitea lehentasunezko afera da. Euskara mankomunitateak bizilagun berriei hizkuntzaren ikuspegitik harrera egiteko plana onartu zuen, helburu duena euskararen eta hizkuntza aniztasunaren inguruko balioak, baliabideak eta informazioa zabaltzea eta elkar trukatzea. Planak hainbat ekintza jasotzen ditu; horietako bat dugu herritar berriei ongi etorria emateko aurkeztu berri duten bideoa.
Bideo horretan hainbat herritar ageri dira hizkuntza desberdinetan ongi etorria ematen, euskararen ingurko zenbait mezu eta informazio zabaltzeaz bat. Ez da hau ordea herritar etorri berriek eskura izanen duten informazio euskarri bakarra. Izan ere, euskararen inguruko erakunde, egitasmo eta baliabideekin informazio orri interaktiboa prestatu du euskara mankomunitateak.
Planaren diseinuan hainbat eragilek parte hartu zuen, eta 2018-2022 urteetarako ekintzak hartzen ditu bere baitan.