Ez ohiko emanaldia eskainiko du bere herrian Joseba Irazoki musikari beratarrak heldu den martxoaren 11n (Beralandeta, 19:00). Jarraitzaileek haren hamaika kontzertu aditu izanen dituzte herrian nahiz inguruan, baina oraingo honetan Josebak bere musika ibilbideaz eta musikari lanbideaz solas eginen digu, bere kantu eta doinuak tartekatuta.
Emanaldi hau Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu du, Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin. Emanaldia Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren “Musikariak ikastetxeetan” programaren jarraipen bat da. Programa horren bitartez, musikari euskaldunak Nafarroako institutuetara joaten dira, ikasleekin beren bizipenak, musika ibilbidea, sortze prozesuak… azaltzera eta, nola ez, beren musika erakustera.
Joseba Irazoki joan den azaroan izan zen Berako Toki Ona Institutuan eta bertako ikasleen aitzinean aritu zen. Orain lan hori gainerako herritarrei eskaintzeko parada eman dio euskara mankomunitateak.