Zehazki erranda, eta bizi dugun egoera kontuan izanda, etxean eta etxetik ditugun harremanetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko proposamena da abian jarri dena.
Etxealditik Euskaraldira ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta bertze alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.
Ekimenak aurtengo azaro eta abenduan eginen den Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzeko baliagarria izatea du asmo. Izan ere, udazkenean, Euskaraldiak proposatzen duen ariketaren oinarriekin bat egiten du.
Ekimenaren nondik norakoak
Ekimenak hiru aldi nagusi izango ditu: aurkezpena, norberak bere eremu hurbilenean dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.
Ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero webgune eta sare sozialetatik bideo labur eta mezu bidez emango dira ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak.
Apirilaren 20an, argitaratuko da lehen mezua, «Etxealditik Euskaraldira ekimena aurkeztu eta argibideak eskaintzeko mezua. Apirilaren 21etik 23ra, berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da.
Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira, egunero bat martxan paratzeko aukera emanez.
Zazpi ideia horien azalpen-bideo edo proposamenak Euskal Herriko Euskaraldia batzordeetako zenbait ordezkarik eta kultur arloko zenbait lagunek eginen dituzte.
Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin bukatuko da.
Herritarren parte hartzearen bila
‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenak herritarrei dei egingo die «ekimena bere egitera eta parte aktiboa» izatera. Horretarako, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek.
Parte hartu nahi duten herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzera animatuko ditu ekimenak, beti ere @euskaraldia eta #EtxealditikEuskaraldira erabilita, eta zehazki Bortzirietarako ere hauek erabiliz: #BortzirietakoEtxealditikEuskaraldira eta @euskaraldiaBortzirietan.