Nafarroako euskara teknikarien sareak gurasoek D ereduaren inguruan izan ohi dituzten galderei erantzuten dien argudiategi bat landu dute, eta hori, euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, honako sei hizkuntza hauetan eman dute: frantsesez, portugesez, errumanieraz, bulgarieraz, arabieraz eta ingelesez.
Laster zabalduko da ikastetxeetan aurrematrikulazioa egiteko garaia, eta gurasoak seme-alabak D ereduan matrikula ditzaten animatzeko helburuarekin prestatu dute informazio hau guzia.
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak bertako ikastetxeen esku utzi du informazio hau, aurrematrikula egitera etor daitezkeen jatorri ezberdinetako familiei bana diezaieten. Horrez gain, informazio hau udaletan ere egonen da, errolda egitera datozen herritar berriei banatzeko, baita bertze zerbitzu publiko batzuetan ere (gizarte zerbitzuak, osasun zentroak, etab.).