Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen erakusketa izanen da ikusgai Berako Kultur Etxeko erakusketa gelan, heldu den ekainaren 6, 7 eta 8an. Erakusketa Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu du, Garabide elkartearekin lankidetzan.
Erakusketa gidatua
Hiru goiz horietan Labiaga Ikastolako, Arantzako Herri Eskolako eta Toki Ona Institutuko DBHko ikasleak joanen dira erakusketa ikustera, eta Garabideko teknikariak gidatuko duen bisitaren bidez ezagutuko dituzte erakusketaren xehetasunak.
Ekainaren 7an, asteazkena, gainerako herritarrentzako irekia egonen da erakusketa 18:00etatik aitzinera. Kasu honetan ere bisita gidatuaren bitartez ezagutuko dute erakusketa, baina horretarako beharrezkoa da aitzinetik izena ematea.
Erakusketaren nondik norakoak
Erakusketari dagokionez, bi kontu jakinaraztea du helburutzat. Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzia eta zein aukera dituen. Bertzetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, euren sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun.
Ikusleak hainbat ipuintxo ditu paneletan. Kolibriaren mitoa izenekoan hizkuntza lankidetzaren saretzearen beharra azaltzen da; hurrengoetan, maputxe, guarani, huni kuĩ, kichwa, nasa, q’eqchi’, k’iche’, kaqchikel, mayata’an, nawat eta euskal herrien elezaharrak; eta, azkenik, euskal elezaharrean hizkuntza kooperazioaren aldarrikapena.
Erakusketari buruzko informazio gehiago, hemen.
Mankomunitatearen eta Garabideren arteko elkarlana
Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Garabide elkartea lankidetzan ari dira 2017an elkarlan hitzarmena sinatu zutenez geroztik.
Garabide Elkartea kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta. Hain zuen euskararen biziberritze bidean pilatutako jakintza altxorra munduko hizkuntza gutxituekin partekatzea da Garabideren funtsa. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak xede horrekin bat egin zuen eta bi erakundeen arteko hitzarmenak hor du oinarria.