Eratu da mankomunitateko Batzorde Erabakitzaile berria

Maiatzaren 28an udal hauteskundeak egin ondotik, Bortzirietako udalak eratu ziren. Horrekin batera udalek organo eta erakunde ezberdinetarako ordezkariak izendatu behar zituzten, hilabete bateko epean. Denbora hori iraganik eta izendapen horiek guziak eginda, uztailaren 20an egin da mankomunitatean Batzorde Erabakitzaile berria eratzeko bilera. Modu honetan osatu da batzordea:

  • Leire Mitxelena Gamio: Arantzako Udaleko ordezkaria; mankomunitateko lehendakaria.
  • Edurne Huitzi Eratsun: Igantziko Udaleko ordezkaria; lehendakariordea izanen da.
  • Uxue Royo Pozueta: Lesakako Udaleko ordezkaria; diruzaina izanen da.
  • Patxi Castillo Graziarena: Berako Udaleko ordezkaria.
  • Patxi Larretxea Lazkano: Arantzako Udaleko ordezkaria.
  • Eneko Fernández Maritxalar: Lesakako Udaleko ordezkaria.
  • Leire Olagarai Goienetxe: Etxalarko Udaleko ordezkaria.

 

Beraz, batzordea mankomunitateko estatutuek araututako moduan eratu da, Berako eta Lesakako udaleko bina ordezkarirekin, eta Arantza, Etxalar eta Igantziko ordezkari banarekin. Zazpi batzordekideetatik bortz berriak dira batzordean, eta bik aitzineko legealdian ere parte hartu zuten.

Lehendakaritzari dagokionez, estatutuetan ezarria dago Arantzako Udalak izendatutako hautetsiak beteko duela kargu hori. Maiatzeko udal hauteskundeetan ez da Arantzan talderik aurkeztu eta azaroan berriz hauteskundeak izanen dira. Bitartean Leire Mitxelenak jarraituko du lehendakariaren karguan.

Lehen bilera honetan, batzordea eratzeaz gainera, ohiko funtzionamendua nola izanen den ere erabaki da. Batzordeak bortz bilera eginen ditu urtean, asteazkenez eta goizeko 9:00etan. Kontu formal horiek erabaki ondotik, teknikariek mankomunitatearen aurkezpena egin diete ordezkariei. Aurkezpen horren helburua izan da mankomunitatea zer den azaltzea, nola sortu zen eta zein bilakaera izan duen. Horrez gain, ordezkariek jakin beharreko zenbait datu eta kontzeptu azaldu zaizkie, eta baita legealdiko erronka nagusienak zein diren ere.

Bileran Aholkularitza Batzordeko bi ordezkari ere izan dira, Iñaki Gogortza eta Bittori Telletxea. Batzorde honek funtzio garrantzitsua betetzen du mankomunitatearen egituran, eta Batzorde Erabakitzaileak gehiengo osoz hartu behar dituen erabakietarako txostena egin behar du.