Estitxu Pinatxoren kantu zerrenda Musikaz Blai egitasmoan

Musikaz Blai egitasmoa jarri zuten martxan iaz Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek elkarlanean, euskarazko musika zabaltzeko helburuarekin. Hala, pertsona ezagun edo erreferentzialek proposatutako euskarazko kantu zerrendak eskaintzen dira egitasmo horren bitartez. Bereziki gazteen artean zabaldu nahi da egitasmoa, baina baita publiko orokorraren artean ere.

Azkena Estitxu Pinatxorena

Argitaratu den azken zerrenda eskualdeko musikariarena da. Estitxu Pinatxok egungo eta garai bateko egile eta kantuez osatutako zerrenda proposatu du. Guzira 12 kantu hautatu ditu. Zerrenda ikusi nahi izatera klikatu hemen.

 

Helburuak

Honako hauek dira Musikaz Blairen helburuak:

  • Euskarazko musika zabaltzea eta entzule berriak irabaztea.
  • Euskaraz aritzen diren Nafarroako musika proposamenak gizarteratzea.
  • Euskaraz aritzen diren musika talde eta estilo berriak gizarteratzea.
  • Euskarazko musika proposamenen aniztasuna gizarteratzea (musika estiloak, emakumeen presentzia, belaunaldi ezberdinak…).

Zabalkundeari dagokionez, kantu zerrendak Elaideren atarian jarriko dira edonoren eskura, baita tokiko komunikabideen agerkari digitaletan ere. Sare sozialen bidez ere zabalduko dira, eta tokiko irratiek ere zabalpenean hartuko dute parte. Bertzalde, zerrendak Spotify eta Youtube plataformetara igoko dira eta, horietan ere, bi astetik behin zerrenda berri bat entzuteko aukera izanen da.

Eta zer da Elaide.eus?

Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek elkarlanean sortu dute elaide.eus webgunea, euskaraz ikasten ari direnei laguntza eta baliabideak eskaintzeko. Bortzirietako Euskara Mankomunitatea da entitate horietako bat.

Elaide hitzak zera erran nahi du: batetik, hizkera* edo hizkuntza erran nahi du; eta, bertzetik, norbaitekin tratua duen pertsonari edo pertsona ezagunari egiten dio erreferentzia.

Oinarri hori hartuta, Elaide.eus webgunean euskaraz bizitzeko eta gure hizkuntza gehiago ezagutzeko tresna bat topatuko duzu, euskaraz ikasten ari direnei lagungarri izanen zaizkien informazio eta baliabideak.