Euskararen egoerari buruzko hitzaldia

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta UEMAk Iñaki Iurrebaso soziologoaren hitzaldia antolatu dute, urtarrilaren 25ean, ortzegunarekin, 19:00etan, Beran, Beralandetan. Honako hau izanen da solasaldiaren izenburua: “Euskararen egoera gaur egun. Zer diote datuek?”

Iñaki Iurrebasok euskararen egoerari buruz eta egoera soziolinguistikoa aztertzeko gakoei buruz doktore tesia aurkeztu zuen 2023an, ikerketa lan mardula, honako izenburupean: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. Euskararen egoeraren bilakaera aztertu eta ulertzeko gako andana eskaintzen ditu Iurrebasok, eta begirada berria ekarri dio euskararen ezagutza, erabilera, eta jarrerei buruz dugun informazioa irakurtzeko erari; hala, Euskal Herriko makro soziolinguistikan azken urteotan izan den ekarpen berritzaile, interesgarri, eta iradokitzaileena egin du.

Iñaki Iurrebaso EHUko irakaslea izan da azken urteotan eta berriki UEMAko ikerketa arduradun lanetan hasi da. Udalerri euskaldun batean bizi da, eta bere ikerketan bereziki landu ditu arnasguneak eta eskualde euskaldunek euskararen biziberritzean betetzen duten funtzioa.

Zeinentzat?

Hitzaldia herritar orori eskainia bada ere, interes berezikoa izaten ahal da hautetsi, elkartekide, irakasle, teknikari, kazetari, ikasle, eta abarrentzako.

Elkarrizketak euskal hedabide nagusietan:

Berria
Argia