Joan den udazkenaz geroztik, euskara mankomunitatearen ekimenez herritar talde bat elkarlanean ari da hizkuntza eta kultura aniztasuna, etorri berrien harrera eta integrazioa lantzen.
Lan taldea jatorri askotarikoa duten herritarrek osatzen dute eta joan den urteko urrian abiatu zen, honako helburu hauekin: etorri berrien harrera, integrazioa eta aniztasunaren gaiak elkarlanean lantzea, hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jartzea, herritarren elkar ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzea eta jatorri anitzetako herritarrei euskara hurbiltzea.
Lehenbiziko ekitaldia: Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren emanaldia Beran
Taldeak bere burua aurkezteko Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren emanaldia antolatu zuen Beran joan den abenduaren 17an. Dokumentalean Afrikatik Europa Iparraldera heldu diren migratzaileen gaia jorratzen da, giza eskubideen ikuspegitik, eta harrera, elkartasuna, aniztasuna eta integrazioa lantzen dira. Ekitaldia hagitz ongi joan zen, 100 lagunetik goiti bertaratu ziren filma ikustera.
Maiatzaren 25ean, hizkuntza eta kultura aniztasun besta
Aniztasun taldeak besta eguna antolatu du maiatzaren 25ean, Beran; une honetan egitaraua ixten ari dira. Herritarrek elkar ezagutzea eta sentsibilizatzea izanen dira helburuak, betiere giro alai batean. Dantzak, musika eta janari goxoa ez dira faltako arratsalde partetik aitzinera. Aniztasun taldeko kideak herritar eta elkarteekin biltzen hasiak dira, bestan parte hartu dezaten. Bereziki, guraso elkarteengana joko dute, jatorri anitzetako gurasoei proposatzeko bestan txoko bat izan dezaten, nahi izanez gero euren jatorriko herrialdeko jai goxoren bat eskaintzeko, euren hizkuntza eta kulturari buruzko gairen batekin, eta beti ere hizkuntza aniztasunari ikusgarritasuna ematen (idatzitako elementuetan, musikan, ahozko erabileran, eta abar).
Lan taldea
Hizkuntza eta kultura aniztasun talde horren bueltan badira bertan eta bertze herrialde batzuetan sortutako bortziritarrak, hautetsiak, teknikariak, elkartekideak, irakasleak etab. Hilero ari dira elkartzen besta antolatzeko eta hortik aitzinera erabakiko dute ekimenari jarraipena nola eman. Betiere, ongi etorriak dira ekarpena egiteko gogoa duten herritar eta eragileak. Hurrengo bilera martxoaren 12an izanen dute, Beran, Beralandetan, 18:30ean.