Hizkuntza eta kultura aniztasun bestako egitaraua prest

Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun besta maiatzaren 25ean ospatuko da. Hilabete hauetan, euskara mankomunitatearen ekimenez herritar talde bat antolaketa lanetan aritu da eta dagoeneko aurkeztu dute egitaraua.

Joan den urteko udazkenean, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ekimenez, herritar talde bat elkartzen hasi zen, honako helburu hauen bueltan: etorri berrien harrera, integrazioa eta aniztasunaren gaiak elkarlanean lantzea, hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jartzea, herritarrek elkar ezagutzea eta sentsibilizatzea, eta Bortzirietatik kanpoko jatorria duten herritarrei euskara hurbiltzea. Elkar ezagutza sustatu eta hizkuntza zein kultura aniztasuna balioan jartzeko, besta eguna antolatzea erabaki zuten. Dagoeneko egitaraua prest dute eta deia egin nahi diete Bortzirietako herritar guztiei parte har dezaten.

Ekitaldi guztiak arratsaldez izanen dira. Hasteko, 17:00etan, Berara bizitzera berriki etorri diren herritarrei gonbidapena bidaliko zaie herriko etxean eginen den ekitaldira etor daitezen. Udalean harrera eginen zaie eta ondoren bisita gidatua eginen dute Beran barrena, besta gunean bukatuko dena (Toki-Onako estalpean). 18:30ean, dantza tailerra izanen da Gure Txokoako dantzariekin, eta, jarraian, 20:00etan, gastronomiaren txanda izanen da. Jakina da jakien inguruan gustura elkartzen garela. Horretarako, antolatzaileak hasiak dira herritar eta elkartzeekin biltzen: gonbidapena eginen diete jatorrizko herrialde edo kulturako jaki goxo prestatzeko, edo pintxo goxo batzuk prestatzeko. Edozein modutara, bestan parte hartzeko ez da deus egin beharrik, aski da bertaratzearekin eta besta giroaz gozatzearekin.

Bereziki, jatorrizko bertze hizkuntza eta kultura duten herritarrei ikusgarritasuna eman nahi zaie, hartara, hala nahi badute, eurentzat kuttuna den kanta bat aukeratzea eskatuko zaie, jatorrizko hizkuntzan eta euskarara itzulita egonen dena. Kanta guztiekin zerrenda osatuko dute, baita besta gunea girotzeko baliatuko, ere euskara kantuekin batera. Bukatzeko, 21:30ean “La Jodedera” taldearen kontzertua izanen da. Taldekideen artean badira jatorri anitzetako herritarrak, batzuk Euskal Herrian sortu ziren eta bertzeak etorri berriak dira; kubatar musika tradizionala jorratzen dute. Giro alai eta dantzagarri batean besta bukatzeko parada izanen da, hortaz.

 

Bestan parte hartzeko gonbidapena zenbait hizkuntzatan egin dute: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, katalanez, ingelesez, arabiarrez, errumanieraz, ukraineraz eta errusieraz.

Besta eguna girotzeko, maiatzaren 19an, igandearekin, Fermin Muguruzaren “Bidasoa 2018-2023” dokumentala eskainiko dute Lesakan, 18:00etan. Filmean migrazioen eta giza eskubideen gaia lantzen da.

Erran.eus