Lasarte-Orian urtero izaten den Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren aurtengo edizioan “Etorri berriak euskarara erakartzeko Bortzirietan zer?” hitzaldia eskaini du Urko Ikardo Enparan euskara teknikariak maiatzaren 16an. Mankomunitatea 2021-2024 bitartean garatzen ari den plan estrategikoaren baitan hizkuntza harrerarekin eta aniztasunarekin lotutako ildoak, helburuak eta jarduerak azaldu zituen.
Erraterako, Solasean egitasmoaren berri eman zuen; egitasmo horren bitartez D ereduan eskolatuak dauden eta euskaraz ikasteko zailtasunak dituzten neska-mutikoei ikuspegi ludikotik adierazkortasuna hobetzeko aukera ematen zaie. Bertzalde, euskaltegian matrikulatzeko kanpainetan etorri berri diren ikasleei ikusgarritasuna emateko egin izan diren bideoen berri eman zuen, eta Bortzirietako euskara ikasleentzako beka sistema azaldu zuen. Horrez gain, ostalaritza eta zaintzaren arloetan maiz etorri berriak aritzen dira lanean, eta kolektibo horientzat antolatu izan diren Euskara+ ikastaro laburren berri eman zuen.
Bortzirietako Kultura eta Hizkuntza Aniztasun Bestaren berri ere eman zuen, azpimarra jarriz besta hori antolatzeko eratu den lantaldearen osaeran eta funtzionamenduan. Harrera linguistikoarekin lotuta, harrera hori Bortzirietan nola egiten den azaldu zuen. “Ongi etorri Bortzirietara” bideoa erakutsi zuen eta Arantzan nahiz Beran antolatu izan diren ongi etorri saioen berri eman zuen. Horiez gain, 2023an harreraren inguruan Amelia Barquinekin antolatutako formakuntza saioak azaldu zituen.
Bukatzeko, Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa Bekaren lehen edizioan saritua izan den lana azaldu zuen. Izan ere, ikerketa gaia estuki loturik dago Udaltop jardunaldiko gaiarekin. “Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko pertzeptzioak eta jarrerak” gaia da Paula Laitak, Jon Martinek eta Ane Osuak osatzen duten lantaldea ikertzen ari dena. Ikardok aipatu bezala, zalantzarik gabe ikerketa honen emaitzak abiapuntu egokia izanen dira mankomunitateak 2025ean egin eta onartuko duen hirugarren plan estrategikoaren oinarriak eta ildoak finkatzeko.
Etorri berriak Bortzirietan(aurkezpena)