2024ko maiatzaren 25ean, larunbatarekin, Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun besta ospatu zen Beran. Arratsalde partean hasita eta gauerdira arte jatorri anitzetako herritarrek elkar ezagutzeko eta gozatzeko parada izan zuten, giro alaian, euskara erdigunean, eta Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasuna aitortu eta balioan jarrita.
Bortzirietako Euskara Mankomunitateko hizkuntza eta kultura aniztasun taldeak besta egunaren laburpen bideoa aurkeztu berri du, aski ongi islatzen duena egun horretan bizitutako giro ezin hobea.
Hurrengo urratsak
Ekainaren 25ean, balorazio bilera egiteko bildu zen hizkuntza eta kultura aniztasun taldea, eta besta hizkuntza eta kultur aniztasunaren gaia eta euskararekiko atxikimendua lantzeko bide aproposa dela ondorioztatu zuten. Maiatzaren 21ean kultura aniztasunaren nazioarteko eguna ospatzen da eta data hori erreferentziatzat hartzea erabaki zuten, aurrerantzean horren inguruan antolatzeko ekitaldiak. Udazkenean hizkuntza eta kultura aniztasun taldea berriz ere bilduko da, hurrengo urratsak erabakitzeko. Bitartean, ongi merezitako atsedenaldia hartuko dute.