Bortzirietako Euskara Mankomunitatean Euskaraz Jolasean erakusketa antolatu du azaroaren 28 eta 29rako. Lesakako Harriondoa kultur etxean (komentuan) egonen da ikusgai, bi egunetan 16:30-19:00 bitartean. Familia giroan joan daiteke erakusketara, guraso nahiz haurrak joaten ahal dira, eta bertan erakusgai egonen diren jolas eta jostailuak ikusi nahiz probatu ahalko dira.
Erakusketak 100 jolas eta jostailu inguru biltzen ditu, mota guzietakoak: jolas sinbolikoak, kooperatiboak, arau jolasak, logika jolasak, lehen jolasak, betiko jolasak eta hizkuntza lantzeko jolasak. Urteko nobedadeak ikus daitezke, baita betiko jolasak ere. Dindaia Fundazioko hezitzaileak egonen dira bertan, materialak erakusten eta jolasak eta jostailuak aukeratzeko zenbait irizpide azaltzen.
Jarduera honen helburu nagusia etxeko giroan euskararen transmisio egokia sustatzea da: jolasaren oinarrian hizkuntza dago, kasu honetan euskara. Seme-alabekin jolastean euskara bitarteko eta helburu bihurtzen dugu. Familiartean jolasten sortzen den giroa berezia da eta horregatik garrantzitsua da jolas eta jostailuak egokiak izatea. Beraz, asmoa bikoitza da: batetik gurasoak familiartean jolastearen garrantziaz jabetzea eta, bertzetik, horretarako erabiliko ditugun baliabideei (jolasak zein jostailuak) buruzko hausnarketa egitea.
Jarduera hau Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu du, Lesakako Udalarekin elkarlanean.