Beñat Muguruzak hitanoari buruzko solasaldi interesgarria eman zuen Lesakan

Abenduaren 4an Beñat Muguruza Lesakan izan zen hikari buruz solasean, eta saioa hagitz interesgarri eta bizi joan zen. 20 lagun elkartu ziren Koskontako udal aretoan, hikaren egoeraz eta biziberritzeaz gogoeta egiteko.

Ordu bat airean pasa zen. Hasieran kantitateaz eta kalitateaz aritu zen Beñat. Ikerketen arabera nabaria da hika moldearen galera, batez ere belaunaldi gazte eta emakumezkoen artean. Kalitateari dagokionez, ohikoak eta belaunaldiz belaunaldi erabili izan diren modu edo arauak azken aldian urratu edo trakestu direla aipatu zuen.

Bortzirietara etorrita, nahiz eta berariazko ikerketak faltan izan, baieztapen orokor horiek ere egiten ahal dira: hitanoaren erabilera murritzagoa da herri handienetan, belaunaldi gazteenetan eta emakumeen artean.

Hitanoari eustea eta sustatzea garrantzitsua da. Hizkuntzen ikasketa etengabea da bizitzan zehar, eta hika bada hizkuntzaren kolore berezi bat, adierazkortasun emaile, ibiltzea eta zabaltzea merezi duena. Hika berreskuratu eta hiketan ari dena euskaraz ari da, eta euskararen erabilerari ematen dio arnas. Generoaren gaiari erreparatuta, gero eta ugariagoak dira emakumeen artean hikaz solastatzeko eta nokaren erabilera berreskuratzeko asmo zein saiakerak. Ez da kasualitatea Bortzirietan antolatu den azkeneko hika ikastaroan 13 parte hartzaileetatik 11 emakumezkoak izatea. Eta Bortzirietan badugu abantaila, hitanoa bizirik dago oraindik eta dezente erabiltzen da herri, belaunaldi eta lagunarte batzuetan; abiapuntu horretatik errazagoa da biziberritzea, ereduak hartuta, belaunaldien arteko elkartrukeak antolatuta, eta abar.

Beñatek solasaldi dotorea eta aldi berean arina egin zuen, etengabe aipatu zituen bertzelako ikertzaile eta iturriak, eta Bortzirietan gaia lantzeko aski erreferentzia interesgarriak eskaini zituen. Bide batez, bertako ikertzaileei gaia lantzeko gonbidapena egin zien; hitanoaren gaiari buruz aski ikerketa eta esku hartze interesgarriak ari diren egiten han-hemenka.

Eta aurrerantzean zer? Hika sustatzeko egitasmo xumeek izaten ahal dute eragina eta oihartzuna: ikerketa esku hartzeez gain, hitano ikastaroak eta praktika taldeak, irakasle eta ikasleentzako trebakuntza eta unitate didaktikoak, Euskaraldian berariaz gaia lantzea, eta abar.

Beñatek bere jarduna akabatuta galderen txanda izan zen eta bertaratuen artean ordu erdi inguruko solasaldi interesgarria piztu zen. Galde erantzunen txanda amaituta, gustura eta eskertuak alde egin zuten bertaratuek.

Xorroxin

Erran.eus