“Gogoa pauso, pausoa bide” dokumentala aurkeztuko du mankomunitateak ilbeltzaren 31n

Ikus-entzunezkoak Bortzirietan 1970-1990 urteen bitartean euskara biziberritzeko prozesua nolakoa izan zen kontatzen du, garai hartan euskal kultura sustatzen, ikastolak sortzen, helduentzako gau eskolak abian paratzen… aritu ziren zenbait protagonistaren ahotik, eta irudi eta material grafiko ugariz osatua.

Dokumentala ilbeltzaren 31n aurkeztuko da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, eta otsailaren 1ean Berako  Kultur Etxean. Bi emanaldiak 19:00etan izanen dira. Arantza, Etxalar eta Igantzin emanaldiak otsailaren 7an izanen dira, 19:00etan.

Mankomunitatea da proiektu honen sustatzailea, eta Katubi ikus-entzunezkoen enpresak ondu du dokumentala. Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatea 2023an hasi zen lantzen proiektu hau, eta faseka garatu du.

Lehen urratsa: ekintzaileen lekukotzak bildu eta informazioa kodifikatu

Egitasmoari hasiera emateko, mankomunitateak 70eko eta 80ko hamarkadetan eskualdean euskara biziberritzeko proiektu ezberdinetan aritutako euskaltzaleen zerrenda bat osatu zuen, zenbait irizpide kontuan hartuta: bortz herrietako testigantzak jasotzea, genero aldetik orekatua izatea eta biziberritzearen arlo ezberdinetako esperientziak biltzea.

Guzira 20 elkarrizketa egin ahal izan ziren: bina elkarrizketa egin ziren Arantza, Etxalar eta Igantzin, sei Lesakan eta zortzi Beran. Elkarrizketatuen artean 11 gizonezkoak izan ziren eta 9 emakumezkoak. Aunitzez herritar gehiago izan ziren hizkuntzaren berreskurapen egitasmoetan ibilitakoak, baina lan honetarako baliabideak mugatuak izan dira. Beraz, 20 elkarrizketa horiekin guzira 15 bat orduko testigantzak gelditu dira grabatuta. Fase honetan aurrelanak Patri Arburua mankomunitateko teknikariak egin zituen, Ainhoa Larretxeak elkarrizketatu zituen 20 ekintzaileak, eta Oier Fuentes arduratu zen alderdi teknikoaz.

Hona elkarrizketatuen zerrenda:

Amaia Abuin (Lesaka) J. Emilio Txoperena Txoltxan (Lesaka)
Antton Erkizia (Lesaka) Juana Larralde (Arantza)
Bittori Telletxea (Bera) Kontxexi Arangoa (Etxalar)
Bixente Taberna (Bera) Kontxi Erro (Lesaka)
Eduardo Conde (Lesaka) Manolo Arotzena (Lesaka)
Itxaro Aranibar (Bera) Mikel Legarra (Goldaratz)
Ixa Ordoñez (Bera) Oskar Txoperena (Igantzi)
Joxe Mari Iratzoki (Bera) Patxi Iñigo (Bera)
Joxema Irigoien (Etxalar) Patxi Larretxea (Arantza)
Joxepa Etxeberria (Igantzi) Pepi Olaetxea (Bera)

Informazio hori guzia sailkatzeko lanak etorri ziren gero. Horretarako Badihardugu Elkarteak gisa horretako grabazioak kodifikatzeko erabili ohi dituen irizpideetan oinarritzea erabaki zen. Lan hori Monika Agirrek egin zuen. Informazio hori guzia xehe-xehe sailkatuta izateak edozein bilaketa egiteko, gai zehatzen inguruan, adibidez, bidea errazten du, eta batez ere jasotako materialarekin gerora egin daitekeen edozein lan errazteko ere balio izanen du.

Ikus-entzunezkoa prestatzea

Ikus-entzunezkoa prestatzen hasteko lehen urratsa edukiak hautatzea izan zen. Izan ere, 20 grabazio horietan jasotako informazio guzia, 15 orduko grabazioak, 45-50 minutuko eduki batera ekarri behar ziren. Hautaketa hori ikuspegi zabalago batetik egiteko helburuarekin, horretaz arduratuko zen lantalde bat eratu zen. Bertan parte hartu zuten Leire Errandoneak eta Iban Garrok, eta egitasmoaren arduradun izan diren Patri Arburuak eta Oier Fuentesek. Talde horren lana izan zen, beraz, edukiak hautatzea eta ikus-entzunezkoaren gidoiaren oinarriak finkatzea. Lan horiek eginda, Katubi enpresaren esku gelditu zen dokumentala ontzea, hala nola, gidoi literarioa egitea, errealizazio, edizio eta ekoizpen lanak nahiz grabazio gehigarriak egitea.

Horrela osatu da “Gogoa pauso, pausoa bide” izenburu duen ikus-entzunezkoa. Abiapuntu modura, eskualdean euskal kulturaren pizkundea eragin zuten zenbait gertaera hartzen dira. Berako kasuan Barojatarrei egindako omenaldiak sortu zuen txinparta, eta Lesakan, berriz, Euskal Jakintzaren Asteak. Ekitaldi horien antolaketak berotu zuen giroa zenbait gazteren artean, eta horiek abiatu zuten bi herrietan ikastolak sortzeko ideia. Mugimendu horretara batu ziren pixka bat beranduago hiru herri ttikiak, eta horietan ere ikastola bana sortu zen.

Haurrak euskaraz eskolatzea hizkuntza biziberritzeko ez zela nahikoa izanen ikusita, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko bidea ireki behar zela ere pentsatu zuten, eta horrela abiatu ziren gau eskolak eskualdeko bortz herrietan.

Gazte ekintzaile haiek ikuspegi zabala izaki, euskarazko komunikabideak (Koxkonta eta Segapoto irratia, Astaputza fanzinea…) ere abian jarri zituzten.

Hori guzia 70eko hamarkadan abiatu zen, baina benetako eklosioa 80ko hamarkadan gertatu zen. Abian jarritako egitasmo horiek guziak finkatzeaz gainera, hezkuntza sare publikoan D eredua ezarri zen eskualdean, Ttipi-ttapa aldizkaria sortu zen, euskarazko kultur mugimendua sendotzen hasi zen eta horrekin batera bertsolaritzaren susperraldia hasi, Bortzirietako Euskaltegia sortu zen, Nafarroa Oinezen bi edizio izan ziren eskualdean, bat Beran eta bertzea Lesakan, etab.

Laburbilduz, Bortzirietan euskararen susperraldia eta biziberritzea ezagutu zuten bi hamarkada aberats horien berri ematen du dokumentalak, ekimen horiek pentsatu, antolatu eta garatu zituzten zenbait protagonistaren ahotik kontatuta.

Aipatu behar da dokumentala osatzeko material grafiko ugari bildu dutela mankomunitateak eta Katubi enpresak, garai hartako bizipenak eta proiektuak irudikatzen laguntzen duten ehundaka argazki, argitalpen, pegatina, kartel, bideo eta bertzelakoak.

Emaitza ikusgai

Hurrengo urratsa dokumentala herritarrei eskaintzea izanen da. Bi aurkezpen emanaldi eginen dira. Lehena Lesakan izanen da, Harriondoa kultur etxean, ilbeltzaren 31n, 19:00etan. Biharamunean, otsailaren 1ean, Berako Kultur Etxean eskainiko da ikus-entzunezkoa, 19:00etan.

Hurrengo asteburuan, emanaldiak eskainiko dira hiru herri txikietan otsailaren 7an, 19:00etan, Arantzan liburutegian, Etxalarren Pello Apezetxea kultur etxean eta Igantzin Eskolzarrean.

Emanaldiak eskaini ondotik, ikus-entzunezkoa bera eta baita 20 elkarrizketak ere ikusgai egonen dira mankomunitatearen webgunean (bortziriak.eus).