2025ean Euskaraldia eginen da, edo eginen dugu, honako hau izanen baita aurtengo edizioaren leloa: “Elkar mugituz eginen dugu”. Beran ilbeltzaren 21ean eginen dute aurkezpen bilera, 18:00etan, Beralandetako eskulan gelan. Aurten berrikuntza batzuk izanen dira hizkuntza ohiturak aldatu eta euskara gehiago erabiltzea helburu duen ariketa sozialean. Berrikuntza nabarmenetako bat egutegi aldaketatik heldu da: maiatzaren 15etik 25era egiten baita Euskaraldia. Orain arte ez bezala, udaberri giroan bete-betean murgiltzearekin loratuko da.
Bortzirietako Euskaraldiko Batzordea
Bortzirietan Euskaraldia lantzeko batzordea urte hasmentarekin abiatuko da eta herritar, elkarte eta eragileak gonbidatu nahi dituzte Beran ilbeltzaren 21ean eginen den bilera irekira. Hortik aitzinera lanean hasiko da Bortzirietako Euskaraldiko batzordea. Bilera 18:00etan izanen da Beralandetako eskulan gelan.
Dinamizatzailea
Euskara mankomunitatea Euskaraldiaren sustatzaile da eta 2025eko planean toki berezia eginen dio egitasmoari. Bertzeak bertze, dinamizatzaile baten kontratazioa bere gain hartuko du urtarrilaren 15etik ekainaren 15era arte. Topaguneko Ekhiñe Txokarro izanen da dinamizatzailea, Bortzirietan eta Malerrekan arituko da lanean, eta egunean bina ordu eskainiko dio eskualde bakoitzari. Euskaraldia talde lanari esker da posible, herritar, udal ordezkari, eragile, teknikari, elkarteetako ordezkari eta abarren arteko elkarlanari esker. Ehiñeren lana izanen da elkarlan hori bideratzea, izen emateak kudeatzea eta komunikazioa lantzea.
Zenbait datu
2022an egin zen Euskaraldia azkenekoz eta eskualdean izan zuen oihartzunik. Guztira 1156 lagunek parte hartu zuten, horietako 1032 ahobizi izan ziren eta 124 belarriprest. Horrez gain, mota guztietako 93 entitatek parte hartu zuten eta bertan ariguneak antolatu zituzten. Datuek erakusten dute Euskaraldiaren dimentsioa, hala ere, kantitatean bezain bertze kalitatean paratu behar dugu begi puntua: parte hartzen dutenek euskara gehiago erabili eta ohiturak aldatzeko urrats ohargarriak egitean, alegia.
Euskaraldiaren antolatzaileak sinistuta daude elkarrekin zerbait handia egiteko ahalmena dugula eta hortaz, herritar oro gonbidatu nahi dute ilbeltzaren 21eko hitzordura.