Solaslagunen planak, herritar orori irekiak

Solaslagun egitasmoaren baitan bi ekitaldi antolatu dituzte epe motzean, otsailaren 15ean, larunbatarekin, Legarreko lezera ibilaldi erraza izanen da, Legasako plazatik abiatuta, eta martxoaren 1ean, Nafarroako eta Bidasoa aldeko mintzalagun eta solaslagunak elkartuko dira Irungo Ola sagardotegian, urteroko Mintza Txotxen.

Solaslagun egitasmoaren baitan ohiko mintzapraktika taldeez gain bertzelako jarduera osagarriak antolatzen dira, ekintza gustagarri edo interesgarri bat egiteaz bat mintzapraktiketan ari direnek euren artean elkar ezagutu eta euskarazko komunitatea sendotzeko. Aisialdiko euskarazko jarduerak hauek herritar orori irekiak dira eta nahi duenak izena ematen ahal du.

Legarreko lezera ibilaldi erraza

Heldu den larunbat honetan Legarreko leizera joateko hitzordua 9:30ean egina da, Legasako plazan; Gaizka Baigorrik azalpenak emanen ditu gerra garaian han gertatutako sarraskiari buruz. Inguruan ibilaldi zirkular bat egin eta Gaztelu herrira joanen dira, hango hilerria eta herria ezagutzeko. Gazteluko ostatuan hamaiketakoa eginen dute goizari amaiera emateko.

Ordutegia

  • 9:30: Legasako plazan elkartuko dira, kotxez muinoraino hurbildu eta han leizea ezagutuko dute, Gaizka Baigorrik azalpenak emanen ditu.
  • 10:30: Muinotik ordu beteko ibilaldi zirkular erraza egiten dute.
  • 11:45: Gaztelu herrira jaitsiko dira autoz, hango kanposantuan dago Sagardia- Goñi familia lurperatuta, han ere badago zer kontatua, beraz, hura bisitatuko dute.
  • 12:15: Akabatzeko, herriko ostatuan hamaiketakoa eginen dute (denon artean ordainduko da)
  • 13:15: Amaiera, elkar agurtu eta etxera.

 

Mintza Txotx

Urtero bezala, Nafarroa eta Bidasoa aldeko mintzalagun zen solaslagunek Mintza Txootx antolatu dute, martxoaren 1ean, Irunen, Ola sagardotegian, Meaka auzoan.

Ordutegia

  • 10:00etatik 12:00era: bisita gidatua Xantalen ermitara eta museora.
  • 13:00: Mintzakide eta Solaslaguneko parte hartzaileekin elkartu eta pote bat hartu.
  • 14:00-14:15: OLA sagardotegian bazkaria.
  • 18:30: Itxiera
    *Iruñetik abiatzen den autobusa hartzen dutenak beranduago ailegatuko dira, beraz, goizeko bisita ez dute eginen.

Informazio guztia, prezioak, autobusa eta izen ematea hemen. Harremanetarako telefonoa: 610 920 673