UEMAk kanpaina berria abiatu du etorri berri euskaldunak ikusarazteko. Bertze herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean aritzen diren tabernariak, zerbitzariak eta dendariak dira kanpainaren protagonistak, eta horiekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea da helburua. Laster batean hasiko dira kanpainaren euskarriak banatzen: kartelak, esku orriak eta bideoak. Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun taldeak bilera eginen du otsailaren 25ean eta gaia lantzeko asmoa du.
Euskarak kolore aunitz dituela eta herritar horiek guztiak euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak, azalaren kolorea edota bizilagunen jatorria askotarikoa izan arren. Euskaldunak dira protagonistak. Aljerian, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Brasilen, Bolivian, Sardinian, Uruguain, Mexikon eta Nikaraguan jaio dira. Arabiera, wolofera, errumaniera, urdua, portugesa, sardiniera edo gaztelera jaso dute etxean. Euskara, beraz, ez da euren lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin.
Aunitzetan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla erraten zaiela zeharka. Horregatik, haiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako eta euskaldunak sentitzen direlako.
Kanpainari buruzko informazio gehiago hemen.
Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun taldearen bilera
Joan den urtean sortu zen aniztasun taldea, etorri berrien harrera elkarlanean lantzeko, hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jartzeko, eta jatorri anitzetako herritarrei euskara hurbiltzeko. Joan den urtean Bortzirietako aniztasun besta antolatu zuten eta aurtengo plana prestatzen ari dira asteotan. Biharko bileran, bertzeak bertze, “Egin nirekin ere euskaraz” kanpainaren zabalkundea izanen dute aztergai. Bilera Beran izanen da, Beralandetan, 17:30ean, eta herritar eta eragile orori gonbidapena egin nahi diete bertaratzeko, arestian aipatutako helburuak elkarlanean lantzeko.