Familiak D eredura animatzeko kanpaina

Martxoaren 17tik 21era bitarteko epea izanen dute aurten familiek seme-alabak lehen aldiz eskolaratzeko matrikula egiteko. Horren harira kanpainatxoa egin dute Berako Udalak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, eta eskutitza bidali diete 2022an jaiotako haurrak dituzten familiei, seme-alabak D ereduan matrikula ditzaten animatuz. Eskutitzean azpimarratzen zaie D eredua dela azken hamarkadotan Bortzirietako gurasoen gehiengoak (% 90etik goiti) hautatu dutena.

Horrez gain, aipatzen zaie gurasoek edo gurasoetako batek euskaraz ez jakinda ere, haurrarentzat D eredua dela egokiena, etxean nekez ikasiko duen hizkuntza eskolaren bidez ikasi ahal izanen duelakoz. Gainera, gure inguruan euskarak presentzia du haurren harremanetan, aisialdian nahiz eskolaz kanpoko jardueretan, eta, aukerak baliatuz gero, euskara erabiltzeko eta indartzeko aukera izanen dute.

Bereziki erreparatu zaie gure eskualdera kanpotik etorritako familiei, gero eta ugariagoak baitira. Hori dela eta, eskutitzarekin batera D ereduaren inguruan gurasoek maiz egiten dituzten galderei erantzuna ematen zaie, honako hizkuntza hauetan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, portugesez, ingelesez, errumanieraz, bulgarieraz eta arabieraz. Mezu hori eskutitzean emateaz gainera, herrian barrena paratu diren karteletan ere azaltzen da.

D eredua-argudioak. Kartela Bortziriak