Eta eskolatik kanpo, zer?

Ikasturtea hastearekin batera, familiek eskolaz kanpoko jardueren gaineko erabakiak hartu behar dituzte. Erabakiak hartzerakoan hizkuntzaren irizpidea kontuan har dezaten, mankomunitateak Eta eskolatik kanpo, zer? izeneko dekalogoa banatuko die irailean Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasle guziei ikastetxeen bidez.

Kirola, musika, dantzak, antzerkia, bertsolaritza, margoketa… eta bertze eskaintza aunitzen artean aukeratu behar izaten dute familiek. Dena delako ekintza horiek haurren gustukoak izaten dira, eta garrantzia haundia dute beren harremanetarako eta nortasuna eraikitzen laguntzeko.  Horrez gain euskara erabiltzeko eta hizkuntzaren bertze erregistro informalago batzuk ikasteko aukera ere ematen diete. Izan ere, hizkuntza ez da eskolan bakarrik ikasten, bizitzan ere ikasten da. Eskola garrantzia handiko eremua bada ere, ez da ahantzi behar umeek bertan urteko esna orduen % 15 baizik ez duela ematen. Hortaz, eskolak betetzen duen funtzioa ukatu gabe, arreta jarri behar da denboraren bertze % 85ean.