Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen agurra

Laster batean Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateak bere ibilbidea abiatuko du eta euskara zerbitzua erakunde berri horretan atal bat izanen da, berdintasun, gizarte eta hiri hondakinen kudeaketa zerbitzuekin batera. Euskara mankomunitatearen Batzorde Erabakitzaileak azkeneko ohiko bilera egin du urriaren 29an eta Bortzirietako Euskara Biziberritzeko III. Plan Estrategikoa onartu du.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen desegitea

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 2024ko azaroaren 7an egindako bileran erabaki zuen mankomunitatea desegiteko proiektua onartzea, eta urriaren 29an egin du bere 35 urteko ibilbidearen azkeneko ohiko bilera. Bortzirietan euskararen biziberritzea helburu izan duen tokiko erakundearen ibilbidea eta ekarpena lerro gutitan laburtzea ezinezkoa zaigu, akaso merezi du norbaitek edota kolektiboki atzera begirako memoria ariketa hori egitea. Euskara mankomunitatearen berezitasun aipagarrienetakoa izan da euskararen normalizazioaz berariaz arduratzea eta tankera honetako adibide guti ditugu Euskal Herrian. Urte hauetan guzietan ehundaka herritarrek egin dute euren ekarpena mankomunitatearen baitan modu batera edo bertzera; udal ordezkariak, teknikariak, eragileak eta herritarrak eskuz esku aritu dira euskarak Bortzirietan aitzinera egin dezan.

Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatearen sorrera

Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateak eratzeko bilera egin zuen urriaren hasieran eta laster batean onartuko ditu 2026ko plana eta aurrekontua. Urtebete lehenago, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak estatutuen aldaketa onartu zuen, hondakinen kudeaketaz gain, euskara, gizarte eta berdintasun arloko zerbitzuak ere eskaintzeko. Hasierako onespen horrek bere bidea egin zuen, udaletan onetsi zen, eta 2025eko uztailaren 18an, Mankomunitateko Batzordeak behin betiko onetsi zuen estatutuen aldaketa, 2025eko abuztuaren 14an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena; horiek izanen dira Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko estatutuak.

Euskara arloa mankomunitate berrian

Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko erabaki organoa Batzar Orokorra izanen da. Horrez gain, bertzelako batzordeak aurreikusten dira: estatutuen 9. artikuluaren arabera, informazio batzordeak eratu ahal izanen dira, herritarren parte hartzerako irekiak izanen direnak eta mankomunitateko arlo bakoitzari lotuak. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak onartuko duen plan estrategiko berrian jasotzen da helburu bezala Zerbitzuen mankomunitate berrian euskara zerbitzuaren egitura eta funtzionamendu berria martxan paratzea”. Garrantzitsua izanen da batzorde horren sorrera, plan horren garapena eta jarraipena gidatzeari eta ebaluatzeari dagokionez.