2020an hasitako bideari jarraituz, aurten ere “Uscaldunac garen ezquero” ekimenaren barrenean hitzaldi bat antolatu dute Berako Udaleko Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean. “Juan Errandonea, Zigardibereko jakintsua” izeneko hitzaldia izanen da, Jose Mari Zelaietaren eskutik, abenduaren 5ean, 19:00etan, Beralandetan.
Juan Errandonea, Zigardibereko jakintsua
Juan Errandonea Altzuguren (Bera, 1917-1966) hizkuntza aunitz zekizken beratar jakintsua izan zen. Guzira 17 hizkuntza menderatzen zituen: euskara, gaztelera, latinera, frantsesa, ingelesa, alemana, italiera, errusiera, turkiera, grekoa, hebraiera, arabiera, sumeriera, hititera, akadiera, kaldeera eta babiloniera. Hain zuzen, sumerierako katedraduna izan zen Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta 11 urtez ikasi zuen Erromako Institutu Babiloniarrean. Euskara Mesopotamiako hizkuntzekin lotzen zuen teoria bat ere garatu zuen eta Bibliaren inguruko ikasketa paregabeak egin zituen. “Edén y paraíso” izan zen bere obra nabarmenena.
Jose Mari Zelaieta hizlari
Jose Mari Zelaieta Errandonea (Bera, 1949) izanen da hizlaria. Hain zuzen Zigardiberea baserrian sortutakoa da Zelaieta, aspaldi Iruñean bizi bada ere. Bertan egin zituen magisteritza ikasketak Zelaietak, eta 40 urtez aritu da irakaskuntzan, maisu lanetan, Elizondon nahiz Iruñean (Etxabakoitzen, udal ikastolan, Sanduzelain eta Biurdanan).
Erretreta hartu ondotik, Nafarroako Artxibora joaten hasi zen genealogiaren eta sortetxearen inguruko berriak biltzera. Hala, Berako notarioen dokumentuak aztertzen hasi zen, eta hortik tiraka Bera herriarekin nahiz herritarrekin lotutako dokumentazio aunitz bildu du.
“Uscaldunak garen ezquero” ekimenaren barne
Berako udal artxiboan gordetako 1882ko eskuizkribu baten aitzakian hasi ziren antolatzaileak abendu hasieran izenburu horren pean hitzaldiak eta bertzelako ekitaldiak antolatzen. Eskuizkribu hori orain arte euskaraz aurkitutako testu administratibo bakanetakoa da, eta horren edukiak eta gainerako xehetasunak ikertzen ibili ziren Ekaitz Santaziliak eta Mikel Tabernak eskaini zuten lehen hitzaldia.
Geroztik, “Uscaldunac garen ezquero” izenburuaren pean eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, urtero antolatu dute gisa honetako kultur ekitaldiren bat Berako Udalak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean.

