Ikerketa soziolinguistikoa eginen dute Baztan-Bidasoan

Telefonoz deituko zaie herritarrei, hizkuntzei buruzko informazioa jasotzeko. Euskara zerbitzutik  herritarrei galdetu nahi diete kasu honetan telefonoari erantzutea;  zenbat eta erantzun gehiago, orduan eta emaitza txukunagoak lortuko dira.

Baztan-Bidasoa eskualdeko egoera soziolinguistikoa zein den aztertuko dute Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako Euskara zerbitzuek. Horretarako, telefono bidezko inkesta bat eginen zaie herritarrei, ausaz aukeratutako biztanleriaren lagin bati. Donostian kokatuta dagoen Siadeco enpresak eginen ditu deiak, apirila amaieratik hasi eta maiatzean zehar. Euskara zerbitzuek telefonoa hartzeko eta galderei erantzuteko eskatu nahi diete herritarrei. 10 minutuko inkesta bat da eta erantzunak erabat anonimoak izanen dira.

Ikerketa honen bitartez, euskararen ezagutzaren, transmisioaren, erabileraren eta hari buruzko pertzepzio eta iritzien inguruko datu estatistikoak bildu nahi dituzte eskualdeko euskara zerbitzuek. Guztira 1.500 inkesta eginen dira Baztan-Bidasoa osoan. Datu orokorrez gain, Baztango, Bortzirietako, Malerrekako eta eskualde-buruetako (Elizondo, Bera, Lesaka eta Doneztebe) datu xeheak jasotzea da helburua. Horretarako, behar-beharrezkoa izanen da herritarren parte-hartzea eta erantzun-maila handia.