Bortzirietako Euskara Zerbitzuak “Ongi etorri Bortzirietara” bideo berria aurkeztu du Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Egunean. Bidenabar, herritarrak maiatzaren 31n Lesakan ospatuko den Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Egunera gonbidatzeko probestu dute agerraldia. Bi ekimen hauen gibelean Euskara Zerbitzua, Berdintasun Zerbitzua, eta Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldea daude. Aurkeztu berri den bideoaren eta aniztasun taldearen helburuak berberak dira: harrera, inklusioa, aniztasuna balioan paratzea eta euskara eskuratzea.
Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun eguna maiatzaren 31n
Maiatzaren 31n Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Eguna izanen da Lesakan, Plaza Zaharrean, 11:00etatik 15:30era. Helburua da Bortzirietako aniztasuna eta elkarbizitza ospatzea, eta gizarte justu, inklusibo eta diskriminaziorik gabeko baten aldeko mezua zabaltzea. Beraz, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko dira.
Egitaraua
11:00: Txaranga izanen dugu herria girotzen.
11:00: Munduko jolasak. Sokatira, La Rayuela eta soka saltoa.
12:00: Dantza latinoak.
13:00: Ekitaldia.
13:30: Janari dastaketa. Parte hartzaileen zerrenda, jaioterriaren arabera: Euskal Herria, Galizia, Nikaragua, Kolonbia, Brasil, Alemania, Argentina, Venezuela eta Ekuador. Izen ematea zabalik dago. Parte hartzaileek erosketa txartelak izanen dituzte herriko dendetan erosketak egiteko.
14:00: Musika emanaldia, Roda do leo.
“Ongi etorri Bortzirietara” bideoa
Bideoaren helburua da migratzaileei harrera egitea, aniztasuna aitortzea eta euskarari buruzko informazioa eta baliabideak eskaintzea. Ekoizpen berri honek zenbait berritasun dakartza, horietatik pare nabarmentzearren: alde batetik, arrazakeriaren aurkako ikuspegia berariaz eta modu esplizituan jorratzen da, eta, bertzetik, Bortzirietako herritar anitzei ahotsa eta ikusgarritasuna ematen zaie: migratzaileak ez dira mezuen jasotzaile pasibo, aholku emaile aktiboak baizik, lehenbiziko pertsonan euren bizipenak kontatzen dituzte, baita euren ikuspegia adierazten ere.
Bideoaren egilea Katubiko Oier Fuentes da, mimoz eta sentiberatasunez. 2019ko bideoa ere berak egin zuen eta elkarlan esperientzia luze eta emankorra du euskara zerbitzuak berekin.
Protagonistak
Bideoaren protagonista dira Beni Nibal (jatorria Dominikar Errepublikan duen beratarra); Estitxu Elgorriaga (aniztasun taldeko lesakarra); Patxi Castillo (Bortzirietako Mankomunitateko lehendakaria eta Berako udal ordezkaria); Leire Mitxelena (Bortzirietako Mankomunitateko ordezkaria eta Arantzako udal ordezkaria); Anca Maria Baies (Jatorria Errumanian duen beratarra, errumanieraz); Aitor Iratzoki (irakaslea); Nacho Machado (ikasle ohia, lesakarra, txikitan Uruguitik etorria); Michelle Osorio (jatorria Kolonbian duen beratarra); Beñardo Goietxe (euskaltegiko irakaslea) eta Karim Zarhouni (jatorria Andorran duen etxalartarra).
Bideoko protagonistek euskara, gaztelania eta errumaniera darabilte. Euskaraz eta gaztelaniaz gain, bideoa bertze 8 hizkuntzatan azpititulatua dago: arabiera, errumaniera, errusiera, frantsesa, ingelesa, katalana, portugesa eta ukrainera. Bideoak osorik 5 minutu eta 28 segundoko iraupena du. Asmoa da etorkizunean hiru bideo labur egiteko. Bideoa herritar orok ikusteko modukoa bada ere, bereziki zuzendua dago migratzaileei, Bortzirietara bizitzera heldu diren pertsonei. Honako bide hauek erabiliko dira horretarako: Udaleko eta mankomunitateko zerbitzuak, ikastetxeak eta Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldearen bidez, eragileak eta herritarrak.
