2026ko ekainaren 17an Lesakako Andra Mari zaharren egoitzan bildu ziren Euskarabideko eta Baztan-Bidasoko egoitzetako arduradunak, euskara planak abiatzeko hitzarmenak sinatzeko. Asmoa da segida izanen duen egitasmo batera hasmenta ematea. Bereziki, hizkuntza paisaiaren euskalduntzea eta egoitzetako langileen euskalduntzea landuko dituzte aurten. Dagoeneko eginak dituzte bi oinarrizko euskara ikastaro Beran eta Baztanen. Horrez gain, zenbait errotulu euskaraz paratu dituzte Beran.
Sinadura ekitaldian izan ziren Jabier Arakama, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren Zuzendari-Kudeatzailea, Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea eta Andra Mari Zahar Egoitzako Erakunde Autonomoaren lehendakaria, Aitor Elexpuru, Berako alkatea, San Jose Asilo Ospitalea Fundazioaren lehendakaria, eta Fernando Anbustegi, Baztango alkatea eta Zaintza Lanak Baztan SLUko lehendakaria. Eurekin batera bertan izan ziren hiru egoitzetako zuzendariak, Lesakako egoitzako Laura Apeztegia, Berako egoitzako Agurtzane Obregozo, eta Baztango egoitzako Angela Nagore.Hitzarmenen bidez finantzituko dira hizkuntza paisaia euskaratzea, langileentzako euskara ikastaroak eta sentsibilizazio zein kultura ekintzak. Jarduera horiek Bortzirietako eta Baztango euskara zerbitzuekin elkarlanean antolatuko dira. 4.000 euro izanen dira zahar etxe bakoitzarentzat.
Aurrekariak
Baztan-Bidasoko egoitzek bertako egoiliar eta herritarrei euskarazko zerbitzua bermatu nahi diete. Azken urteotan langileen euskalduntze beharra gero eta nabarmenagoa bilakatu da eta kezka horrek bultzatuta Baztan-Bidasoko hiru egoitzetako arduradunak elkartzen hasi ziren 2024an; orduan erabaki zuten gaia eskualde osoaren ikuspegitik lantzea eta Euskarabideari elkarlan eskaera egitea.
