Ekainaren 30ean, asteartearekin, 17:00etan egin dute hitzordua Bertizko Jaurerria bisitatzeko, eta akabatzeko afari-berendua eginen dute. Izen emateko 610 92 06 73 zenbakira deitu beharra da, eta solaslagunez gain herritar oro ongi etorria da, euskaratik eta euskaraz une goxo bat partekatzeko.
Solaslagunek hondarreko jarduera antolatu dute ikasturteari akabaila emateko, Bertizeko Jaurerriari bisita gidatua eginen dute. Astean behin elkartu ohi dira solaslagunak talde tikitan, euskaraz lasai ederrean eta eroso solastatzeko. Tarteka, ordea, bertze jarduera batzuk antolatzen dituzte, Baztan-Bidasoko solsalagun guzientzat eta, oro har, nahiz eta ohiko taldetan parte hartu ez, hala nahi duten herritar guzientzat, betiere ekimenaren helburua errespetatuta: euskara ikasten ari direnei eta praktikatu nahi dutenei aisialdi ekintza interesgarri zein gozagarria eskaintzea, eta euskaraz jarduerak eta harremanak sustatzea.
Ekintza osagarriak
Erran bezala, ikasturtean zehar zenbait ekintza osagarri antolatzen dituzte solaslagun guzientzat. Urtea hasi zenetik hiru jarduera izan dira, apirilaren 4an Leurtzako urtegiaren inguruetara ibilalditxoa antolatu zuten, apirilaren 25ean Iruñean bertze eskualde batzuetako mintzalagunekin sagardotegira joan ziren, eta maiatzaren 16an Kontrabandisten bidea egiten zuten, Rosa Arburuaren azalpenek lagunduta. Ekainaren 30eko ekitaldiarekin solaslagunek akabaila emanen diote aurtengo ikasturteari eta udan atsedena hartuko dute. Irailaren akabailan izen emateko epea irekiko eta urrian hasiko dira berriro ere ohiko saioak eta jarduera osagarriak.
