BOR-BOR BORTZIRIETAKO EUSKALTZALEEN MUGIMENDUA
2021eko udaberrian Bortzirietako euskalgintzak gogoeta estrategikoa egin ondoren, bertan izendatutako talde eragileak lanari ekin zion. 2021-2022 ikasturtea Bortzirietako euskaltzaleen mugimendu sozial berria egituratzen eta horri forma ematen aritu ondotik, apirilaren 23an aitzineko urteko gogoeta prozesuan parte hartu zuten euskaltzaleei aurkeztu zizkien emaitzak.
Zenbait lantalde martxan jarrita, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduaren aurkezpen publikoa egin zen Lesakan, uztailaren bian. Honakoak dira mugimenduaren helburuak:
- Euskararen erabilera sustatzea bortz herrietan.
- Herritarren kontzientziazioan eragitea, herritarrak ahalduntzea.
- Euskaldun eta euskaltzaleen elkarlanerako gune izatea.
- Udalerri euskaldunen eta arnasguneen izaerari eustea.
- Jendartearen eraldaketa jomugan duten prozesu eta mugimenduekin bat egin eta aldaketak eragitea, ortzi-mugan izanik plurala, justua, iraunkorra eta berdinzalea izanen den gizarte euskalduna.
- Euskaraz bizitzeko baliabideak sortzen eta zabaltzen laguntzea.
- Komunitatea sortzea