Ikus-entzunezko honetan laburbiltzen da nolakoa izan zen Bortzirietan euskara biziberritzeko prozesua 1970-1990 bitartean. Oinarri gisa hartu dira bi hamarkada horietan euskara sustatzeko hainbat egitasmotan aritu ziren 20 eragileri egindako elkarrizketak. Orri honetan beheitiago daude elkarrizketa horiek guziak, banaka eta pasarteak hautatuta ikusteko moduan.
Euskal kultura suspertzen aritu ziren guziak, ikastolak sortzen, eskola publikoetan D eredua sustatzen, bertsolaritza berpizten, gau eskolak eta euskaltegiak sortzen, euskarazko tokiko komunikabideak abian jartzen… Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorrera lan horren guziaren bultzadari lotu behar zaio, herrigintzaren ekimenari.
Berebiziko garrantzia izan zuen prozesu horrek, euskara galzorian izatetik egoera hori irauli eta biziberritzeko prozesua abiatu baitzen. Lan handia egin zen bi hamarkada horietan, gaur egun eskura ditugun hainbat egitura sortuz, eta horrek euskararen egoera nabarmen hobetzea ekarri zuen. Zalantzarik gabe, eraldaketa bat izan zen. Eragile aunitzen gogoari esker pausoak egiten hasi ziren, eta pauso horiekin bidearen zati bat urratu zuten, garai batean ezinezko jotzen zirenak errealitate bihurtuz. Egungo belaunaldi eta erakundeei dagokie bide horretan jarraitzea.

Eragileei egindako elkarrizketak
Gogoa pauso, pausoa bide ikus-entzunezkoak 2023an Bortzirietako 20 eragileri egindako elkarrizketak ditu oinarri. Bina elkarrizketa egin ziren Arantza, Etxalar eta Igantzin, sei Lesakan eta zortzi Beran. Elkarrizketatuen artean 11 gizonezkoak izan ziren eta 9 emakumezkoak. Elkarrizketa horiekin guzira 15 bat orduko testigantzak gelditu dira grabatuta. Banaka ikus daitezke grabazio horiek, elkarrizketa bakoitzean klikatuta, eta nahi den pasartea hautatuta.